Nafarroako Parlamentuak 2,38 milioi itzuli dizkio Foru Ogasunari, 2023ko ekitaldikoak
Kontuen Ganberak bermatu egin ditu kudeaketa ekonomiko-finantzarioa nahiz kontratazioaren, behin-behinekotasuna murriztearen eta taldeendako dirulaguntzei buruzko erregulazioaren arloko jarduketak
Kontuen Ganberak Nafarroako Parlamentuaren kontuei buruz egindako fiskalizazio-txostena ikusita, 2023ko ekitaldiari buruzko kontuak onetsi ditu Eledunen Batzarrak.
Era berean, eta onetsitako likidazioarekin bat, agindua eman da Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzari itzul dakizkion ekitaldian aitortutako betebeharrak betetzeari buruzko atxiki gabeko funtsak, 2.387.244 euro, aurreko ekitaldian baino % 8 gutxiago.
Azkenik, Nafarroako Parlamentuaren 2023ko kontuak eta Kontuen Ganberaren fiskalizazio-txostena erakundearen aldizkari ofizialean eta webgunean argitaratzeko agindua eman du.
Legebiltzarraren 2023ko aurrekontuen likidazioa dela-eta esan behar da 15.986.838 eurokoa izan dela aurrekontu bateratua (nahiz eta hasieran onetsitako aurrekontua 15.719.577 izan); izan ere, aurrekontu-aldaketak egin ziren aurreko ekitaldiko kreditu-txertaketen ondorioz, guztira 267.261 eurokoak.
Bete den gastu-aurrekontua 13.529.255 eurokoa izan da –2022an baino % 6,3 gehiago–: betetze-maila % 84koa izan da, eta ordainketa-maila, berriz, % 96koa.
Dirusarrerei dagokienez, 2023an 15.834.292 euroko eskubideak aitortu ziren; hau da, betetze-maila eta kobrantza-maila % 99koa izan zen. Kasu honetan, aurreko ekitaldiarekiko aldea % 5ekoa izan da.
Kapituluka, langileria-gastuak 8.190.884 eurokoak izan ziren (betetze-maila, % 93koa). Aitortutako betebehar guztien % 60 egiten dute; alegia, 2022ko ekitaldian baino % 8 gehiago, legegintzaldi-aldaketa eta egonkortze-prozesuak direla-eta egindako operazio guztien ondorioz.
Parlamentarien eta horien lanari atxikitako langileen diru-sarrerek eta Gizarte Segurantzako kuoten ordainketak 4,2 milioi euroko gastua ekarri zuten (lehendakariaren kabinetea eta taldeen laguntzaileak). Erakundeko langileen diru-sarrerek eta Gizarte Segurantzako kuotek 3,9 milioiko gastua ekarri zuten.
Ondasun eta zerbitzuetan egindako Gastu arruntak kapituluak 2,62 milioiko zuzkidura zeukan; diru horretatik, 1,48 gastatu dira (aurreko ekitaldiko ehuneko bertsua). Betetze-maila, beraz, % 56koa izan zen. Kapitulu horrek betetako gastu-aurrekontuaren % 11 egiten du.
Inbertsio errealak kapituluak, zeinak 951.110 euroko aurrekontu bateratua baitzeukan, gastu-aurrekontuaren % 6 egiten du. Betetze-maila % 70ekoa izan da.
Finantza-aktiboei eta -pasiboei dagokienez, 63.795 euroko kredituak esleitu dira, eta betetze-maila % 20koa izan da.
Transferentzia arrunten kasuan (betetako gastuen % 23 egiten dute), behin betiko kredituak 3,36 milioikoak izan dira, eta betetze-maila % 95ekoa izan da (3,18 milioi). Hauteskundeetako emaitzen arabera talde parlamentarioei esleitu zaien diruak (2.951.104 euro) kapitulu horretako gastuen % 93 egiten du.
Gomendioen atalean, Kontuen Ganberak dio bete egin direla Nafarroako Parlamentuak kontratazioaren, aldi baterako langileen kontratazioaren eta talde parlamentarioen eta alderdi politikoen arteko hitzarmenak formalizatzearen arloan hartutako hiru konpromiso handiei buruzkoa (hitzarmenak formalizatzearen kasuan, diru-laguntzak behar bezala erabiltzen direla ziurtatzeko).
Zehazki, organo fiskalizatzaileak ontzat jotzen ditu kontratatzeko betekizunak egiaz betetzen direla egiaztatze aldera Kontratazio Mahaiak egin beharreko lana erraztearren hartutako neurriak.
Halaber, balioan jartzen du Legebiltzarrak talde parlamentarioei emandako diru-laguntzen izaera finalista baliarazte aldera onetsitako erregulazioa, funtzionamendu-, langile-, antolaketa- eta jarduera-gastuak ordaintzeko xedez.
Kontuen Ganberak orobat dio Nafarroako Parlamentuak 20/2021 Legean xedatutakoa bete duela, enplegu publikoan behin-behinekotasuna % 8raino jaiste aldera lanpostu hutsak betetzeari dagokionez.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek ere egin du txostenaren balorazioa. Izan ere, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ez dute inolako alegaziorik aurkeztu. "Gure ustez, txostenak dio kudeaketa egokia eta legezkotasunaren araberakoa izan dela. Legebiltzarraren gobernu-organoaren kudeaketa behar bezalakoa izan da langileriaren, kontratazioaren, diru-laguntzen eta abarren arloan. Hortaz, lehendakaria naizen aldetik egiten dudan balorazioa oso ona da. Gomendio guztiak bete dira, edo betetzeko bidean dira".
Kontuen Ganberak egindako fiskalizazio-txostenak dio Nafarroako Parlamentuaren 2023ko kontuek ondarearen, aurrekontu-likidazioaren eta egoera finantzarioaren "irudi zehatza" ematen dutela. Orobat dio "funts publikoen kudeaketari aplikatu beharreko arau-esparruaren eta, zehazki, kontabilitate- eta aurrekontu-printzipioen eta irizpideen arabera egin dela Parlamentuaren jarduera ekonomiko-finantzarioa"
Kontuen Ganbera arautzen duen abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legearen arabera egin da organo fiskalizatzailearen fiskalizazio-txostena.