Nafarroako Parlamentuak 57.000 euro bideratuko ditu Garapenerako Sentsibilizazio eta Hezkuntzako proiektuak egiteko
Deialdiak 57.000 euroko zuzkidura dauka, eta xede du planak abiaraztea, pobrezia bere alderdi guztietan desagerrarazten lagunduko duten ildoetan kontzientziatu edo prestakuntza ematekoak
Gaurkoan, Nafarroako Parlamentuak deialdia onetsi du Garapenerako Sentsibilizazio eta Hezkuntzako proiektuak 2021eko ekitaldian zehar egiteko diru-laguntzetarako. Ekintza guztiak Foru Komunitatean eginen dira, eta haien helburua izanen da kontzientziatzea edo prestakuntza ematea hazkundean dauden herrialdeek dauzkaten problemekin eta horien zergatiekin zerikusia duten alorretan. Xede horietara 57.000 euroko kopurua bideratuko da, norgehiagoka-araubidean.
Garapenerako Lankidetzari buruzko 5/2001 Foru Legeari jarraikiz, zeinaren bidez Nafarroak beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko ardura hartzen baitu bere gain, haien aurrerabide integrala ahalbidetze aldera, Parlamentuaren nahia da era honetako ekarpena egitea pobrezia desagerrarazteko, haren mota eta erakusgarri guztietan.
Legebiltzarrak jotzen du ezen garapenerako hezkuntzako proiektuek, zeinek diru-ekarpen txikiagoa behar duten eta horrenbestez Legebiltzarraren diru-ahalmenari hobeki egokitzen zaizkion, zuzeneko zerikusia dutela Eledunen Batzarrak 2018ko apirilaren 27an onetsitako adierazpen instituzionalarekin, non ikasketa-aukera unibertsalak sustatzearen aldeko aldarria egiten baita. Asmo horrek bat egiten du Nazio Batuek 2015eko irailean erabaki eta Nafarroako Parlamentuak onartua den 2030 Agendan jasota dauden garapen jasangarriko helburuetako 4.7 xedearekin.
Testuinguru horretan, ohartarazten da koronabirusak eta honen hedapen mundialak "ziurgabetasunez beteriko eremu batean jartzen gaituela, eta pandemiaren inpaktu larria dela eta, arriskuan jar lezakeela Agenda 2030 betetzea". Horri dagokionez, egiaztatu da "gure ekonomietan eta gizarteetan jada bazeuden sakoneko joera handietako asko bizkortu egin direla" (arrakalak handitzea, desinformazioa), eta lehenbailehen ekin behar zaiela erronka partekatuei, konpromiso sendoen eta konponbide berritzaileen" bidez.
Deialdiko oinarrien arabera, norgehiagokan parte hartzen duten entitateek inskribatuta egon beharko dute Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziarena (AECID) den Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan, eta beren sozietate-egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan eduki. Eskaera bakoitzeko 11.000 euroko kopurua emanen da gehienez, bateragarria izanen dena lor litezkeen beste laguntza publiko edo pribatu batzuekin, baldin eta horien guztien baturak ez badu kasuko jardueraren kostua gainditzen.
Diruz laguntzekoak diren jarduerak 202eko ekitaldian gauzatu beharko dira; dena den, luzapen baterako aukera aurreikusten da, haien egikaritzea uki edo oztopa lezaketen zirkunstantzia ezberdin batzuen arabera. Baldin eta aurrekontu-ekitaldiarekin bat ez datorren urtebetealdi batean egiten bada diruz lagundutako jarduera, 2022ko ekainaren 30erako beharko du bukatuta egon.
Behar adinako baliabiderik ez dutela frogatzen duten entitateek aurreordainketa bakarrean jasoko dute kopurua, behin deialdia ebatzita dagoenean. Gainerakoek proiektuaren amaierara arte itxoin beharko dute. Entitate bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahalko du, nork bere aldetik nahiz talde baten kide gisa. Eskabidea aurkeztuko da Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusitako erregistroetako edozeinetan, 15 eguneko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Balioespen-irizpideek aintzat hartuko dituzte proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu), egokitasuna (10 puntu), horren kalitatea (45 puntu) eta aurrekontuaren azalpena (15 puntu). 50 puntura iristen ez diren eskaerak ez dira aintzat hartuko.
Banaketari dagokionez, lortutako puntuazioaren araberako lehentasun-ordena ezarriko da, eta diru-laguntzak esleituko dira, aurrekontu-esleipenaren mugaraino.