Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Irailak 3

Nafarroako Parlamentuak 8/2021 Legearen indarra hartzea ospatu du; lege horrek legeria zibila eta prozesala erreformatzen du, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa erabiltzen laguntzeko

Unai Hualdek azpimarratu egin du Legebiltzarrak eskubide-berdintasunaren alde duen konpromisoa, eta CERMINen azterlana aipatu du aurrera jarraitzeko bide-orri gisara

Nafarroako Parlamentuak 8/2021 Legearen indarra hartzea ospatu du; lege horrek legeria zibila eta prozesala erreformatzen du, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoaren erabileran laguntzeko.

 

Legeak FUTUNAren eta, beraz, Espainiako Tutoretza Fundazioen Elkartearen (AEFT) inguruko 31 erakundeen babesa du, eta aurrerapauso bat da orain arte hainbat motatako baimenen mende egon diren eskubideak, nahiak eta lehentasunak gauzatzeko. Tutoretzak, beraz, erabakitzeko eskubidea ematen du, eta horrek beste paradigma inklusibo bat dakar. Alderdi guztiek ondo ohartarazi dutenez, gizarte osoari dagokio.

 

Horiek horrela, Parlamentuak ageriko babesa eman dio 8/2021 Legeari, ekitaldi instituzional baten bidez. Izan ere, Nafarroako Tutoretza Fundazioak (FUTUNA) eskaturik, argi utzi nahi izan da erakundeak aho batez konpromisoa hartu duela Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenaren alde. Testu horrek foru legerian duen oihartzuna hobetu egin nahi da, Parlamentuak CERMINekin eta NUPekin batera sustatu duen txostenean ezarritako ildoei jarraituz.

 

Halaxe baieztatu du Unai Hualdek, aipatu azterlana ekarri baitu hizpidera proposamen nagusia bere egiteko; laburbilduz, egokitzat jo du desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzeko foru lege bat aldarrikatzea.

 

“Lan asko gelditzen da egiteko, baina badugu jada bide-orri bat, pertsona guztien arteko eskubide-berdintasunaren alde lan egitea helburu. Aukera baliatu nahi dut gogora ekartzeko nola aurreko legegintzaldian 12/2018 Foru Legea onetsi zen, irisgarritasun unibertsalari buruzkoa, eta Foru Berria aldatu, gaitasunari eta pertsonentzako laguntza-neurriei buruzko lege berezi bat aldarrikatzeko, besteak beste”.

 

8/2021 Legea “urrats garrantzitsua” dela aitortu du lehendakariak; izan ere, “hobetu, gaurkotu eta sustatu egiten du desgaitasuna duten pertsonen nahien errespetuan eta autonomiaren sustapenean oinarritutako sistema”, betiere “bat etorriz arlo horretako nazioarteko hitzarmeneko erabakiekin”.

 

Hala, Unai Hualdek “Parlamentu osoaren konpromisoa” azpimarratu du, esker ona adierazi die “fundazioei eta desgaitasunaren arloan lan egiten duten elkarte guztiei”, eta amaitzeko Fito Jiménez ekarri du gogora, “kausa honen alde ari diren pertsonen zerrenda luzean daudenetako bat. Hemen izanen balitz, ziur nago berak ere ospakizun honetan parte hartuko lukeela gurekin batera. Asko dugu egiteko, bai, baina ona da aurrerabidea dakarten eztabaidak, erabakiak eta legeak handikiro ospatzea”.

 

 

Jarraian, Ignacio Recondok, Nafarroako Tutoretza Fundazioko (FUTUNA) lehendakariak, erreformaren norainokoa nabarmendu du, erabakiak hartzerakoan pertsonei laguntzeko eredu berri bat ezartzeko arauak ematen baititu, desgaitasuna duten pertsonen borondatearen eta lehentasunen errespetuan oinarritua.

 

Recondoren hitzetan, ikuspegi berria aurrerapauso bat da desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alde; azkenean haiek ere izanen dute erabakitzeko eskubidea, gainerako herritarrek bezala.

 

“Tutoretza, guraso-ahal luzatua eta guraso-ahal birgaitua kentzeak esfortzu handiagoa eraginen du, baina ez digu aldaraziko adimen desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko era, hurbilekoa eta banakakoa. Hori bai, eredu aldaketa baten aurrean gaude, eta eraginkorra izan dadin laguntza handiagoa eman beharko dute eragile juridikoek eta sozialek”.

 

Esandakoaren harira eta AEFTtik helarazitako eskakizunekin bat, Recondok eskatu du “gizarte zerbitzuen zorroan sar dadila desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa erabiltzen laguntzea, halako moduan non eskubide galdagarria izanen baita, autonomia-erkidego aurreratuenetan bezala. Halaber, finantzaketa egokia eta egonkorra eskatzen dugu, itun sozialaren bitartez gauzatua, eta ez dirulaguntza gisa. Boluntario gehiago ere behar ditugu”.

 

Ondoren, Demba Diarra Bah eta Bárbara Trébolek irakurri dute Espainiako Tutoretza Fundazioen Elkarteak (AEFT) berariaz egindako manifestua. Dokumentu horrek deia egiten du “aldaketa ospatzera, ikusaraztera, zeren, nahiz eta gizarte osoari ikusmolde berria eskatu”, desgaitasuna duten pertsona guztien eskura jarriko baitu bizimodu “duina, norberak hautatua eta inklusiboa” lortzeko aukera.

 

Bide horretan, “gure parte-hartzea bermatzeko, eta tutoretzatik ez dadin beste neurri batzuetara igaro jakin gabe zein diren behar ditugun laguntzak”, AEFTtik eskatzen dute erabakiak hartzeko laguntza gizarte zerbitzuen legeetan jaso dadila. “Horrela bakarrik, bizi garen tokian bizi garela, eskubide horretarako aukera izanen dugu eta hura exigitu ahal izanen dugu”.

 

Atzera begira, AEFTn elkartutako 31 erakundeek “epai bidegabeak berrikusteko” eskatzen dute, “gure ordez erabaki eta bizitza osorako adingabetzat hartzen gintuzten haiek”, pertsona bakoitzaren behar, lehentasun eta nahietan oinarritutako doktrina berrira egokitu daitezen.

 

Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da, eta honako hauek bertaratu dira, besteak beste: Maiorga Ramírez lehen idazkaria, Marta Álvarez (Navarra Suma), Nuria Medina (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Marisa de Simón (I-E), Joaquín Cristóbal Galve NJANeko lehendakaria, José Antonio Sánchez Nafarroako fiskal nagusia, eta Iruñeko Udaleko hainbat udal ordezkari.

 

Nafarroako Tutoretza Fundazioa irabazi-asmorik gabeko gizarte erakundea da. ANFASek eratu zuen 1988an, eta Nafarroako Gobernuak gizarte interesekoa deklaratu du. 65 boluntario ditu jarraipen eta laguntza eskaintzeko arlo pertsonalean eta ondare kontuetan, betiere arduratuz pertsonek garapen pertsonal eta bizi kalitate ahalik onenak lor ditzaten.