Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez erabateko desadostasuna adierazten baitu 18/2012 Legea baliogabetzen duen Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin
Mahaian eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2017ko abenduaren 18an
Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabateko desadostasuna adierazten baitu 18/2012 Legea baliogabetzen duen Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin, uste baitu epai hori bidegabea dela eta eskubideak eta Nafarroak osasun arloan dituen eskumenak urratzen dituela. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta I-E foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta I-E foru parlamentarien elkarteak. UPNk eta Nafarroako Alderdi Popularrak bigarren puntuaren alde eta lehen eta hirugarren puntuen aurka bozkatu dute. Nafarroako Alderdi Sozialistak, berriz, bigarren eta hirugarren puntuen aurka bozkatu du eta abstenitu egin da lehenengo puntuan.
Hona adierazpenaren testua:
“1. Nafarroako Parlamentuak erabateko desadostasuna adierazten du 18/2012 Legea baliogabetzen duen Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin, uste baitu epai hori bidegabea dela eta eskubideak eta Nafarroak osasun arloan dituen eskumenak urratzen dituela.
2. Nafarroako Parlamentuak, Etorkinen Nazioarteko Egunean, bere konpromisoa agertzen du Nafarroan bizi diren pertsona guztientzako osasun integralerako eskubidearekin, edozein dela ere beren egoera administratiboa, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen dio beharrezkoak diren neurriak har ditzala eskubide hori gauzatzeko.
3. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen ditu Alderdi Popularraren gobernuak Nafarroaren autogobernuari egiten dizkion etengabeko erasoak; izan ere, sistematikoki erabiltzen du Konstituzio Auzitegian herritarren bizi baldintzak hobetzea xede duten Nafarroako legeen aurkako errekurtsoa”.