Nafarroako Parlamentuak adierazpen politiko bat onetsi du, martxoaren 8ko 'Emakumearen Nazioarteko Eguna' dela-eta.
Eledunen Batzarrak 2008ko martxoaren 3an onetsia
“1.- Nafarroako Parlamentuak apustu egiten du Espainiako gobernuarekin lankidetza instituzionalean jarduteko, nor bere eskumenen esparrutik, Emakumeen eta Gizonen arteko Egiazko Berdintasunerako Legean jasotako neurri guztiak garatu eta aplikatzeko langintzan, emakumeen bizi-baldintzak hobetze eta bi sexuen arteko egiazko berdintasuneranzko aurrerapausoak emate aldera.
2.- Nafarroako Parlamentuak uste du behar-beharrezkoa dela martxoaren 7ko 2/2003 Foru Legea betetzea. Horretarako, abian jarri behar dira emakumeei laguntza integrala emateko zentroak eta harrera etxeak.
3.- Nafarroako Parlamentuak apustu egiten du laneko ezegonkortasuna, langabezia eta behin-behinekotasuna desagerrarazteko politikak bultzatzeko -batez ere emakumezkoen enpleguari eragiten baitiote- eta ordainsarietan oraindik ere ematen diren aldeak eragozteko, nahiz eta bi esparru horietan aurrerapausoak eman diren. Hartara, garrantzitsua da enpresei babes publikoa ematea berdintasun planak presta ditzaten.
4.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela emakume etorkinak gizarteratu eta laneratzeko plan bat egitea eta azpimarratu behar dela gizon eta emakumeek ardura bera dutela pertsonak zaindu eta etxeko lanak egitean.
5.- Foru Parlamentuak orobat uste du ezen botere publikoek aldi baterako laguntza zerbitzuak sortzen lagundu behar dutela, haurren zaintzari aurre egite aldera egoera berariazkoetan, eskolako oporretan edo asialdiko jardueretan esate baterako, bai eta estatistikak egin behar direla ere, emakumeek egiten duten lan ordaindu gabea ikusarazte aldera, lan horrek foru komunitatearen ekonomiarako duen garrantzia nabarmenduz.
6.- Azkenik Nafarroako Parlamentuak genero-indarkeriari buruz ohartarazteko eta haren aurka sentsibilizatzeko kanpainen aldeko jarrera hartzen du. Kanpaina horiek gizarteko sektore guztien esku-hartzea sustatu behar dute, hezkuntza-komunitatearena eta, batez ere, hedabideena, iritzi-sortzaile nagusi diren aldetik laguntza eraginkorra eman ahal baitute emakumeen aurkako indarkeria legitimatzen duten kultur estereotipoak auzitan jartzeko.” (7-08/DEC-00007).
LEHENDAKARIA: Elena Torres Miranda