Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 2

Nafarroako Parlamentuak aintzatesten du autonomoek Foru Erkidegoaren hazkunde eta garapen sozial eta ekonomikoari egindako ekarpena

Merkatuaren ezegonkortasunak, oztopo burokratikoek eta ekintzailetzarako estimulu faltak baldintzatutako sektorea babesteko eta bultzatzeko berariazko politikak eskatzen dira

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Ganberak “aintzatesten eta balioan jartzen baitu “autonomoek gure erkidegoaren hazkunde eta garapen sozial eta ekonomikoari egindako ekarpena”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen abstentzioarekin, Nafarroako Gobernua premiatzen du “autonomoendako leihatila bakarra abian jar dezan”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen da “administrazio barruko traba burokratikoak ken ditzan, izapide administratiboak errazteko”. Atal hau eta hurrengo lauak EH Bilduren abstentzioarekin onetsi dira.

 

Bestalde, Foru Gobernua premiatzen da “autonomoek langileak kontratatu ahal izateko neurriak abian jar ditzan”.

 

Gainera, Exekutiboari eskatzen zaio “prestakuntza etengabea susta dezan lan autonomoaren bizitzan zehar”.

 

Aldi berean, Nafarroako Gobernuari exijitzen zaio “familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurri eraginkorrak eta langile autonomoen erantzukizun partekatua susta ditzan”.

 

Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da “modu aktiboan lan egin dezan lan autonomoak dakartzan laneko arriskuen prebentzioaren arloan”.

 

Ildo horretan, eta berriz ere aho batez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Lan Autonomoaren II. Plana onets dezan gehienez ere hiru hilabeteko epean”.

 

Horrela, Gobernuari eskatzen zaio “txostenak egin ditzan enpresa- eta enplegu-gaietan hartzen den neurri bakoitzak autonomoen jardunean duen eraginari buruz”. EH Bildu abstenitu egin da.

 

Era berean, eta EH Bilduren abstentzioarekin, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua dei dezan, hilabeteko epean gehienez ere”.

 

Azken hiru atalak PPNk, ekimenaren titularrak, aurkeztu duen in voce zuzenketa baten bidez gehitu dira.

 

Eztabaidagai izan diren 12 epigrafeetatik bik, ordea, ez dute aurrera egin. Bi kasuetan, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeak "autonomo berriendako zero kuota abian jartzearen” eta “2024an enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntza-deialdiak atzeraeragina berreskuratzearen” aurka agertu dira.

 

Zioen azalpenean, PPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak ohartarazten du "merkatuan etengabe gertatzen diren aldaketek, oztopo burokratikoek, kontziliaziorako zailtasunek eta gazteen artean ekintzailetzarako estimulu faltak" baldintzatzen eta oztopatzen dutela sektorea. Hori dela eta, enpresa txiki eta ertainen sektorea "bultzatzeko eta laguntzeko" politika espezifikoak eskatzen ditu, "enpresa-sarearen % 80 baitira, gure motor ekonomikoetako bat".

 

 

 

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoEnmienda in voce PPN