Nafarroako Parlamentuak Amaiurko guduaren 500. urteurreneko ospakizunen amaierako ekitaldia egin du
Hualdek Amaiurko herria txalotu du bere historia eta memoria auzolanean berreskuratzeagatik. Gauza bera egin du Aranzadirekin, lurralde “plural, askotariko eta abegikor” honen ondarea zaintzeagatik eta balioesteagatik
Nafarroako Parlamentuak Amaiurko guduaren 500. urteurreneko ospakizunen amaiera ekitaldia egin du gaur goizean. Ekitaldi horrekin bukatu den urtean, Amaiurko herriak, hainbat kultur jarduera eta ekimenen bitartez, bere gazteluak Nafarroako erresumaren konkistaren eta ondorengo gazteluaren suntsiketaren aurrean izan zuen erresistentziaren bosgarren mendeurrena ospatu du.
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eman dio hasiera ekitaldiari, eta azpimarratu du ekitaldia Nafarroako Parlamentuko atalondoan ospatzeak “sinbolismo eta esanahi” handia duela, “erakunde hau Erresuma Zaharreko Nafarroako Gorteen oinordekoa” baita.
Lehenik eta behin, Hualdek aintzatespena egin die oroitzapen ekitaldietan parte hartu duten lagun guztiei, baita Amaiurko herriari ere, bere memoria eta historia berreskuratzeko egin duen lanarengatik. Ondoren, lehendakariak Amaiur bezalako “erreferentziazko lekuen” balioa azpimarratu du. Bere hitzetan, “oroimen lekuak dira, eta, nolabait, izan garenaren eta XXI. mendean ere bagarenaren ebidentzia objektiboa dira, Nafarroa lurralde plurala, askotarikoa eta abegikorra den aldetik.
Era berean, Hualdek auzolanaren indarra nabarmendu du. “Gure lurraren ezaugarri” da, eta Amaiurko herriak balio handia eman dio, “bidea erakutsiz erakundeei”. Bestetik, eskerrak eman dizkio Aranzadi Zientzia Elkarteari, ondare zientifikoa, historikoa eta kulturala kontserbatzeko eta balioesteko egindako lanagatik, “gaur egungo gizartea ulertzeko erreferentzia gisa”.
Azkenik, lehendakariak aldarrikatu du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa erabat bete behar dela. Izan ere, legeak 40 urte bete ditu onetsi zenetik, baina “zoritxarrez ez da oraindik betetzen”. “Hitzarmenak eta emandako hitza betetzea nafarron ezaugarri da, historiak adierazten duen bezala. Beraz, foru erakundeok lanean jarraitu beharko dugu foruak sustatzeko eta eskumenak gauzatu eta baliatzeko. Azken finean, gure iraganetik ikasi behar dugu gure oraina eta etorkizuna hobetzeko”.
Jarraian, Juantxo Aguirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak Amaiur 1522-2022 argazki-liburua aurkeztu du. Argitalpen horrek “narrazio grafiko bat egiten du Amaiur 1922tik 2022ra bitartean oroimen leku izatearen inguruan”, Amaiurko herriak eta bertako Gaztelu Elkarteak antolatutako ekitaldiak ardatz hartuta.
Agirrek argazkien egileei eskerrak eman dizkie laguntzagatik eta argazki lanagatik. Argazkiek 100 urteko historia erakusten dute, kolektiboa eta pertsonak protagonista direla. “Argitalpen hau baliagarria izanen ahal da etorkizuneko belaunaldiek gure herriaren memoria grafikoak lantzen jarrai dezaten”, esan du bukatzeko.
Gero, ondare kulturala hiru dimentsiotan birsortzen aditua den Iker Ibero ingeniariak Amaiurko gazteluaren 3Dko berreraiketa aurkeztu du. Amaiurko gazteluaren erreplika da, bi une historikoenetan erakusten duena: Erdi Aroko gaztelua, 1512an zegoen bezala, eta gotorleku berriak eta artilleriarako plataformak zituen gaztelua, 1522an zegoen bezala.
“Ohore handia izan da historia honi ekarpen xume bat egitea”, aitortu du berreraiketaren egileak. “Xehetasunez egin zen, Aranzadi Zientzia Elkartearen ikerketa arkeologikoei eta Aitor Pescador historialariak egindako lan dokumentalari esker”. Lana fidagarria eta errealista da, eta jende guztiarentzat eskuragarri dago Amaiur museoaren webgunean.
Aitor Pescador historialaria, ildo beretik, “oso eskertuta” agertu da gazteluaren ikerketan parte hartu ahal izan duelako. Gaztelu hau “bereziki interesgarria da historialarientzat eta arkeologoentzat”, Nafarroako Erresumaren nortasun erreferentzia eta “iruditeria kolektiboaren osagai garrantzitsua” baita.
Ixabel Aleman Amaiurko alkateak, bere aldetik, 2022. urtean egindako jarduera-programaren inguruko iruzkina egin du. Programa horrek fruitu ugari eman ditu, hala nola liburuak (11 osotara), argazki-liburuak, komikiak, bisita gidatuak, CDak eta ekitaldi instituzional zein kulturalak. Gainera, behin-behineko museoaren inaugurazioa ere aipatu du, “pandemiaren erdian” ireki baitzen eta 97.488 bisita izan baititu bi urte eta erdian.
“Amaiur oroimen leku bihurtu da Nafarroarentzat, eta handik, XXI. mendearen hasierako gizarte gisa ditugun balioak onartuta, gure iraganari begirada gogoetatsu batekin begiratzen diogu.
Lagundu egiten digu gure oraina ulertzen, gure historiaren kontraesanak onartzen eta gure etorkizunaz hausnartzen. Baina, gainera, herritarrek bihurtu dute Amaiur oroimen leku, XX. mende hasierako Nafarroako klase intelektualak bildutako eta herriaren zati handi batek azkar bere egindako herri sentimendu batek bultzaturik. Behetik gora eraikitako memoria izan da, Europako estatu handiek sortutako memoria eta kontakizun epikoez oso bestelakoa. Nafarroako sinboloa da, eta ez dago Nafarroako Parlamentua baino agertoki hoberik Amaiurko gazteluko erresistentziaren 500 urteurrena oroitzeko ekitaldien programa amaitzeko”. Horiek izan dira haren hitzak.
Ekitaldia musikaz lagundu du Gaztelu abesbatzak. Hasieran, Nafarroako ereserkia abestu dute, eta amaiera eman diote ekitaldiari Xabier Leteren Nafarroa Arragoa abestiarekin. Olaia Inziarte abeslariak ere parte hartu du, eta Izarren Hautsa abestia abestu du, hori ere Xabier Leterena.
Ekitaldia Anabel Arraizak aurkeztu du, eta Parlamentuko atalondoan izan da. Besteak beste, honako hauek izan dira bertan: Maiorga Ramírez Parlamentuko Mahaiko bigarren idazkaria; Blanca Regúlez eta María Solana (Geroa Bai); Adolfo Araiz eta Arantza Izurdiaga (EH Bildu); Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria; Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria; Koldo Martínez senatari autonomikoa; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua; Aitor Esteban Bizkaiko diputatua; Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria; Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria; eta Andoni Ortuzar EAJko lehendakaria.