Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Apirilak 16

Nafarroako Parlamentuak Antonio Soto margolariaren ‘Los Nadies’ erakusketa inauguratu du, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak antolatuta

Maiatzaren 7ra arte ikusgai egonen den bildumak, Eduardo Galeanoren poema batean oinarrituta, gizarteko talde zaurgarrienen sufrimendua islatu nahi du begiraden bitartez

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Los Nadies erakusketa inauguratu du gaur eguerdian. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak antolatu du erakusketa, eta Eduardo Galeanoren poema batean oinarrituta (erakusketari izena ematen diona), begiraden bidez, gizarteko kolektiborik zaurgarrienen sufrimendua dokumentatzeko helburua du.

 

Lehendakariaren esanetan, koadro hauen protagonista diren begiradek indarra transmititzen dute, eta era berean, “sufrimendua, istorio desberdinak eta bizitako egoera zailak” islatzeko gaitasuna dute. “Legebiltzar honetara etorri ohi diren gizarteko kolektibo desberdinek kontatzen diguten errealitatea dakarkigute gogora”. Ildo horretan, aipatu du “bilduma honek inor atzean ez uzteko betebeharra” gogorarazten duela, “esaldi hori errealitate bihur dadin”.

 

Unai Hualdek, bestalde, Antonio Sotoren margolanen “aberastasunaz gozatzeko" gonbita egin du, eta Herritarrekiko Harremanetarako departamentuari eskerrak eman dizkio ekimena antolatzeagatik. "Pandemiak eta bizi izan dugun ezohiko osasun egoerak erakusketa honen inaugurazioa urtebete atzeratzera behartu gintuen arren, hemen daukagu. Pertsona guztientzat irisgarria izan dadin Iddeas Fundazioak, Anfasek, Eunatek eta Cocemfek ere parte hartu dute. Eskerrik asko".

 

Aldez aurretik, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria pozik agertu da iaz ospatzekoak ziren Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Jardunaldiak Los Nadies erakusketarekin osatu direlako. “Antonio Sotok lehen lerrora eraman nahi izan ditu pertsona hauek guztiak, haiekin hitz egiteko eta haien begirada ulertzeko. Ez dezagun ahaztu arteak balio izugarria duela gizartea eraldatzeko tresna gisa".

 

Osasun-egoera dela eta, eta ikastetxeek, Memoriadun eskolak bakearen eta bizikidetzaren alde programaren barruan, ezin izango dutenez erakusketa bisitatu, Ollok iragarri du Antonio Soto bera joango dela ikasgeletara, ikasleekin gaiari buruz hausnartzera.

 

Antonio Soto erakusketaren egileak, margolanen oinarri den poemaren eta horien edukiaren eta esanahiaren arteko "aurkakotasuna" azaldu du; izan ere, "Galeanok aurpegirik ez duen jendeari buruz hitz egiten du, eta erakusketak, hain zuzen, aurpegia eta begirada jartzen dizkie. Baztertutako pertsonei hitz egiten du, eta erakusketak gerturatzeko, margolanak behatzeko eta ukitzeko gonbita egiten du, nahiz eta orain ezinezkoa den Covid-a dela eta. Eta zenbaki bat besterik ez direla esaten den bitartean, koadro bakoitzak izen bat erakusten dio publikoari. Horrela eraikitzen da ikusleen, obraren eta haien istorioen arteko hurbiltasuna".

 

Bestalde, Sotok esan du Parlamentuaren atalondoa leku "zoragarria" dela, ez erakusketa-gaitasunagatik, baizik eta islatzen duenagatik. "Harrera- eta elkarrizketa-gune batean, hau da, Legebiltzar batean, “Los Nadies”-i harrera egitea, gizarte-arazoei irtenbideak bilatzeko, eta hori da, hain zuzen ere, erakusketa honetan planteatzen dena, oso gauza garrantzitsua eta oso polita da".

 

Azkenik, Luis Casado Iddeas Fundazioko presidenteak erakusketaren izaera "irisgarria" nabarmendu du. “Legeak egiten diren etxe honetan, konbikzioaren eta talde-lanaren eredua ematea positiboa da. Irisgarritasuna, edo, bestela esanda, aukera-berdintasuna, ezinbestekoa da gizarte justu eta inklusibo batean".

 

Formatu handiko 18 koadrok osatzen dute Los Nadies erakusketa. Hitz egiten duten begiradak dituzten aurpegiak dira protagonistak, izen eta istorio propioak dituztenak, eta giza eskubideen urraketekin lotutako hainbat egoera transmititzeko helburua dutenak; hala nola bahiketak, pertsonen trafikoa, gerrak, sexu-abusuak, jazarpena, etab.

 

Tazidat, Ramon, Nadia, Mounira, Ikki, Farah, Charo, Carlota, Asur eta Amanda dira Antonio Sotok lehen lerrora eraman nahi izan dituen “inor” horien izenak, begirada zuzen horiekin haien aurrean dagoena interpelatzen dutenen izenak.

 

Fundación Iddeas, Anfas, Eunate eta Cocemfe fundazioen laguntzari esker, erakusketa honek irisgarritasun bisual eta fisikoaren irizpideak betetzen ditu, testuak irakurketa errazean eskaintzen baititu, eta bideoak zeinu-hizkuntzan, azpititulatuak eta esatariekin.

 

Maiatzaren 7ra arte Parlamentuaren egoitzaren atalondoan ikusgai izanen da, astelehenetik ostiralera 15etatik 20etara (ostegunak izan ezik). Larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.

 

Erakusketa apirilaren 22ra arte bisitatzen dutenek Antonio Soto artistaren eskutik ezagutu ahal izango dute, artista bertan egongo baita, gerturatzen direnekin eta nahi dutenekin hitz egiteko.

 

Erakusketa osatzeko, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak bideo bat eta material didaktikoa prestatu ditu ikastetxeei eskaintzeko, Memoriadun eskolak bakearen eta bizikidetzaren alde programaren bidez.

 

Ohikoa denez, erakusketa berri hau Kultur Atrio programaren barruan kokatzen da, izan ere, 2016ko otsailaz geroztik Ganberak ateak irekitzen dizkie artistei, kulturari babesa emanez.

 

Antonio Soto Carmona, Bergarako (Gipuzkoa, 1964) margolari eta poetada. Arte Ederren ikasketak egin zituen EHUn. Bere arteak munduko pertsona ahaztuekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da, hauek aurpegia eta nortasuna duten pertsona bihurtzen baititu. Gizarte-arazoekin oso kontziente izanik, artea bizitzako pentsamenduak transmititzeko erabiltzen du.

 

Ekitaldia Ganberaren egoitzako atalondoan izan da, eta, besteak beste, Inma Jurío, Legebiltzarreko lehen lehendakariordea, Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria eta Ganberako parlamentariak izan dira bertan.