Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 8

Nafarroako Parlamentuak arrazakeriaren aurkako eta giza eskubideen urraketa dakarren egoera ororen aurkako borrokarekiko konpromisoa adierazten du

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko ekainaren 8an

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen baitu arrazakeriaren aurkako borrokarekin. EH Bildu talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arrazakeriaren aurkako borrokarekiko konpromisoa eta giza eskubideen urraketa dakarren egoera ororen aurkakoa adierazten du, eta bere egiten du bere baitan gorroto eta sumin diskurtsorik ez toleratzeko konpromisoa ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere babesa eta elkartasuna adierazten dizkie oraindik ere diskriminazio, arrazakeria eta xenofobia egoerak pairatzen dituzten pertsona eta kolektibo guztiei.

 

3. Nafarroako Parlamentuak era guztietako neurriak abiaraziko ditu bere eskumenen esparruan, pertsona ororen eskubideen eta askatasunen aurka doan jarduketa-mota oro eragozteko; bereziki, administrazio publikoen esparruan eta giza eskubideen aurka doazen gisa horretako jokabide gaitzesgarriak ohikoak diren espazioetan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gure gizartetik jokabide nahiz adierazpide arrazista edo xenofobo oro desagerrarazteko xedez egiten diren kanpainak eta ekitaldiak babestu eta sustatuko ditu, gizarte justu eta demokratiko bat, giza eskubideen errespetuan oinarritua eta guztiok eskubideei dagokienez berdinak garena, eraikitzeko xedez”