Nafarroako Parlamentuak Aspace-Nafarroaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du
Unai Hualdek azpimarratu egin du Aspacek eta nafar gizarteak 50 urtean izandako lotura eta elkarri emandako sostengua ikusarazten dituen efemeride baten garrantzia
Parlamentuak Aspace-Nafarroaren berrogeita hamargarren urteurrenaren kariaz garun-paralisiaren alorreko zainketan "prestigio eta erreferentziazkoa" den erakunde horrekin batera gaurko antolatu duen ekitaldi instituzionalean, Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek azpimarratu du "Aspacek eta nafar gizarteak 50 urtean izandako lotura eta elkarri emandako sostengua ikusgai egite aldera tankeraturiko efemeride baten garrantzia".
Lehendakariak horrela azaldu du Etxabakoizko lokal batean jaiotakoa den elkarte horren zeregina, zeinak "bapo irabazi" baitu herritarren eta ordezkaritza-erakundeen atxikimendua. "Ezinbestekoa zaigu zorionak ematea aitzindari izandako haiei, bai eta, garuneko paralisia eta kideko desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak defendatuz eta haien parte-hartze aktiboa erraztuz, haien bizi-kalitatea hobetzen lagundu duten guztiei ere. Beste modu bat da hori, garapen sozialaren aldeko elkarlana egitekoa. Hain berezia den egun honetan, eskerrak ematen dizkizuegu egiten duzuen lanarengatik, eta familien egunerokotasuna ere errazteagatik".
Horrela, "elkarte-ehunduraren sendotasun"aren erakusgarri gisa Aspace-Nafarroaren ibilbideari antzematen zaion babes soziala nabarmendu ondoren, Unai Hualdek oroimenera ekarri du joan den uztailean Zizur Txikiko Ramón y Cajal zentrora eginiko bisita, zeinean bi hitz "bereziki atxikiak" geratu baitzitzaizkion oharmenean, bere ustez entitatearen "filosofia, eguneroko jarduna" laburbiltzen dutenak: autodeterminazioa eta gizarteratzea. Aisialdi gizarteratzailearen eta kirol egokituaren aldeko apustua, kirolari eta domina olinpikoak eta guzti, uztartu egiten da aholkularitza- eta boluntariotza-programen bitartezko kontzientziazio-lan mardul batekin. Hori guztia, denboran zehar mantendua eta, gaur den egunean, pandemia-aldiko zailtasun erantsiez ahaztu gabe".
Gibel-solas modura, eta Aspace-Nafarroaren zeregina "letra larriz eskertu" ondoren, lehendakariak berretsi egin du Nafarroako Parlamentuaren jarrera, "elkarlanean jarraitzearen" aldekoa; are gehiago, atzo Parlamentuan izandako saioan eginiko deiaren ondoren, elkartearen 50. urteurrenarekin batera suertatu den "egoera sanitario, ekonomiko eta sozial delikatua" dela-eta. "Aspace hazi egin da, eta horrekin batera nafar gizartea eta erakundeak ere bai, elkar hartuta. Erronka kolektibo bat daukagu aurrez aurre, pertsona ororen autodeterminazioa eta gizarteratzea gaur egungo egoeran ere errealitate egitekoa. Guztion artean eginen dugu".
Jarraian, eta 50. urteurrenari buruzko bideo bat ipini ondoren, Aspace-Nafarroako lehendakari David Ericek hartu du hitza.
Aspace-Nafarroaren ordezkari gorenaren esanetan, "gaurtik aurrera epe berri bat hasten da, eta ea eramaten gaituen gizarte bidezkoago eta inklusiboago batera, non desgaitasun arloko erakundeak ez diren jadanik beharrezkoak izanen. Batzuetan ezezagunak eta ikusezinak izaten gara, apaltasunez aritzen garelako, baina errealitatea da orain dela 50 urte garun-paralisidunek askoz ere egoera latzagoa pairatzen zutela. Integrazioan sinesten dugu, bai lanekoan bai hezkuntzakoan, eta horretarako bidea eskubide guztien errespetua eta gauzatzea da. Horixe dugu erronka".
Amaitzeko, David Ericek balioan jarri du lau lehendakari ohien ekarpena (horietako bi jada zenduak: Mariano Zufía eta José Luis Aranguren), bai eta zuzendaritza-batzorde guztiena ere, barne harturik lantalde profesionalak eta boluntarioak, "horiexek egiten baitute zubi-lana Aspaceren eta gure aldezle handia den gizartearen artean. Ezin ahaztu ditut, halaber, bazkideak, ahalegin pertsonal txikien baturarekin ere gizartea aldatzeko modua badagoela sinesten zuten eta sinesten duten pertsona horiek".
"Amaitzera noa, eskari bat eginez –gehitu du Ericek–. Esaten denean lan eginen dugula krisi honek ez dezan inor atzean utz, gogora ezazue hirugarren sektoreko entitateak, desgaitasunaren alorrekoak, historikoki beti egon izan garela atzean. Hori bai, gure zortea da Nafarroan begirune, hurbiltasun eta txera handia dagoela desgaituak diren pertsonekiko eta haien familiekiko. Eskerrik asko Nafarroako Parlamentuari ere".
María Chivite, Nafarroako Gobernuko lehendakaria, izan da ekitaldiari amaiera eman diona. Bere mintzaldian, "esker ona eta errekonozimendua" adierazi die Aspace bezalakoei, "zerbitzu-ematearen eta gizatasunaren erakusgarritzat" jotzen baititu, "lehentasuna beti pertsonarengan jartzeagatik. Pertsonari eta haren osotasunari zor gatzaizkio; pandemia honek argien ikusarazi dizkigun gauzetako bat dugu hori".
"50 urte betetzea mugarri da edozein jardueratan, eta 50 urte horiek desgaituen bizi-kalitateari, aukera-berdintasunari, eskubideei eta ahalduntzeari mesede egiteko zerbitzuan emanak badira, erabateko ikusgaitasuna, axola soziala eta instituzionala merezi dute. Erresilientziaren eta hobenahiaren etsenplu zarete, direnak diren oztopoekin ere itxaropenetik abiatuta soluzioetara iristen dela erakusten duena. Gaur, inoiz baino gehiago, garrantzitsua da aurrera jarrai dezazuen, ez dezazuen etsi".
Gobernuko lehendakariak orobat nabarmendu du Aspace-Nafarroaren aitzindari-izaera, "gizartean orain ernatzen ari diren prozesuen eta filosofiaren abangoardian egotea. Berrikuntza, parte-hartzea eta ahalduntzea dira, gizatasun eta profesionaltasunarekin batera, zuen egikeraren arrakasta. Funtzionamendu-eredu zarete. Nafarroako Gobernuaren borondatea da elkar harturik hausnartuz eustea lankidetzari eta aurrerakuntzari, halaxe egiten direnez gauzak hobekien, baita politika publikoak ere. Urteurren zoriontsua opa dizuet".
Bertaratuen artean zeuden Parlamentuko Mahaiko kide diren lehen lehendakariorde Inmaculada Jurío andrea, bigarren lehendakariorde Yolanda Ibáñez andrea, lehen idazkari eta bigarren idazkari Juan Luis Sánchez de Muniain, Maiorga Ramírez jauna; talde parlamentario guztien eledun eta ordezkariak; Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztu andrea; Nafarroako Gobernuaren ordezkari José Luis Arasti jauna; eta Arartekoa, Javier Enériz jauna.