Nafarroako Parlamentuak aurten ere bat egiten du LGTBI+ Kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2022ko ekainaren 27an
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak aurten ere bat egiten baitu LGTBI+ Kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1.- Nafarroako Parlamentuak aurten ere bat egiten du LGTBI+ Kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita, eta sexu-askapenaren bandera jarriko du ikusteko moduko leku batean, legebiltzarrak sexu-aniztasunarekin duen konpromisoaren agerkari.
2.- Nafarroako Parlamentuak giza eskubideekiko konpromisoa berresten du, eta adierazten du beharrezkoa dela inbertitzea sexu-bestelakotasuna eta pertsonak beren sexu-orientazioa edo genero-identitateagatik ez diskriminatzen lagunduko duten politiketan. Horretarako, arreta, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatu behar dira, gure udalerriak sexu-bestelakotasunaren adierazpen guztientzako gune askeak izan daitezen.
3.- Nafarroako Parlamentuak hezkidetza derrigorrezko hezkuntza-balio gisa lantzearen aldeko apustua egiten du funts publikoekin ordaintzen diren ikastetxe guztietan.
4.- Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako LGTBI+ Foru Legea ezartzen jarraitzea, eta uste du sexu-orientazioari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-nortasunari buruzko prestakuntza beharrezkoa dela administrazio publiko guztietan eta bereziki gizarte-, osasun- eta landa-arloetan.
5.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko lan egiteko, eta eskatzen du familia-aniztasunari eta adineko LGTBI+ pertsonei zor zaien errespetua emateko. Horretarako, gure Erkidegoko erakunde guztiekin, elkarteekin eta LGTBI+ kolektiboarekin lan egiteko konpromisoa hartzen du.
Archivos adjuntos