Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 16

Nafarroako Parlamentuak babesa adierazi die artistei haien sormen-ahalmena askatasunez balia dezaten

Legebiltzarrak ohartarazi du gero eta maizago gertatzen dela eta gero eta kezkagarriagoa dela artearen nahiz literaturaren arloko ezereztearen fenomeno globala, eta kezkatuta azaldu da zentsura-moldeak direla-eta

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur (UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, PPNk eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, eta Voxek aurka bozkatu du). Horren bidez, Legebiltzarrak babesa adierazten die artistei haien sormen-ahalmena askatasunez balia dezaten.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Nafarroako Parlamentuak "sormen-askatasuna aldezten du, Konstituzioaren 20. artikuluan jasotako konstituzio-balioa den aldetik".

 

Hirugarren puntuan, berriz, Nafarroako Parlamentuak " artearen, artisten edo haien lanaren aurkako zentsura-jarrerak arbuiatu ditu". Atal honek eta hurrengoak UPNren eta Voxen aurkako botoarekin egin dute aurrera.

 

Azkenik, Legebiltzarrak "sormen-askatasunarekiko eta zentsuraren aurkako konpromiso argia berresten du eta, ondorioz, ordezkari politikoek kultura eta artean esku hartzea arbuiatzen du".

 

Contigo-Zurekinek aurkeztutako erabaki-proposamenaren zioen azalpenean esaten da gero eta sarriago ezerezten ari direla –eta kezkagarria da, hortaz– arte nahiz literatur lanak, eta kezkatuta azaltzen da "Espainian egile-lan batzuk jendaurretik kentzeko azkenaldian egin diren saiakerak" direla-eta; izan ere, Konstituzioaren 20. artikuluak berariaz babesten du " ideiak eta iritziak libreki adierazteko eta zabaltzeko eskubidea, baita literaturaren eta artearen esparruan ere".

 

Proposamenaren aurkezleak gogora ekarri du LKN hiri-artista nafarrak bizitako egoera (martxoan, talde erlijioso baten salaketaren ondorioz lan bat erretiratu egin behar izan baitzuen korrika eta presaka); halatan, zentsurak hartzen dituen moldeez ohartarazi du, eta espazio pribatuek duten kudeaketa-askatasunarekiko errespetua erakutsi du, "kanpoko pertsonen edo kolektiboen aldetik jasotako presioei kasu egiteko edo ez egiteko".

 

Azken puntua kenduta, ebazpena Eledunen Batzarrak martxoaren 25ean atzera bota zuen adierazpen instituzionalaren erreplika bat da.