Nafarroako Parlamentuak Barañaingo BHI-ko ikasleei harrera egin die
Europar Batasunaren balioak lantzea helburu duen proiektu bati amaiera emateko egin dute bisita
Europar Batasunaren balioak lantzea helburu duen proiektu bati amaiera emateko, Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, Barañaingo Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasle talde bati harrera egin die gaur, baita Alemaniatik eta Poloniatik etorritako ikasle multzo bati ere.
Legebiltzarreko Areto Instituzionalean ospatutako ekitaldian, Ainhoa Aznárez ikasleen ordezkariei zuzendu zaie, Barañaingo Institutuak aurrera eraman duen hezkuntza truke proiektuen garrantzia azpimarratzeko, “lankidetza estrategikoa eta praktika egokien trukea sustatzen dute halako proiektuek, nazioarteko bokazioaren ikasketa formal eta informalaren esparruan amankomuneko erronketan oinarrituta”.
Testuinguru horretan, Lehendakariak aldarrikatu du “Europar biztanleriak kontzientea, arduratsua eta informatua behar duela izan”, bere ustetan, “Zuzenbide Estatua eta Giza Eskubideak defendatzeko ezinbesteko baldintza” baita, izan ere, “horretan oinarritzen da Maastrichteko ituna, 1993tik indarrean dagoena”.
Amaitzeko, Europar Parlamenturako hauteskundeak gertu daudela oroitarazi du Aznárezek, eta bertaratutakoak animatu ditu euren botoarekin “bakean oinarritutako eta pobreziarekin amaitzeko eredu sozial berri bat definitzeko bidea egitera. Kontratu sozial berde berri bat behar dugu, austeritate politikekin amaituko duena”.
Jarraian, Marta Fernández Gonzálezek, institutuko irakasleak eta Eramus Plus proiektuko arduradunak, Parlamentuari eskerrak eman dizkio emandako babesagatik, “ohore bat da hemen egotea”, eta nazioarteko programa honen jatorria laburbildu du, Barañaingo institutuaren hezkuntza hobetzeko helburua duen aldaketa horretan oinarritu baita. “Gaur bi urteko ibilbideari amaiera eman diogu, demokraziari buruzko lan honi forma emanez, eta Europar Batasuneko itunaren 2. Artikulua abiapuntutzat edukiz, bertan Estatu guztien amankomuneko balioak ezartzen baitira”.
Harrerarekin amaitzeko talde argazki bat atera dute eta ondoren, ikasleek eztabaida bat burutu dute (Erabilera Anitzeko Aretoan) Europako mugen egoeraren inguruan. Hitzartzeak ingeleraz izan dira, ikasle alemaniar eta poloniarrak baitzeuden bertan.
Harrera ofizialean izan dira Unai Hualde, Parlamentuko Lehen Lehendakariordea, Virginia Alemán (Geroa Bai) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).