Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Irailak 29

Nafarroako Parlamentuak bat egin du Biriketako Minbiziaren aurkako Europako Astearekin

Parlamentuak aldeztu egiten ditu Biriketako Minbiziaren Pairatzaileen Espainiako Elkartearen erreibindikazioak, zeinen artean baitaude detekzio goiztiarreko programei ekitea, dianostiko molekularraren garapenari bultzada ematea eta berrikuntzazko sendagaietarako lorbide berdinzalea bermatzea

Gaur goizean, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi bat egin du, Biriketako Minbiziaren aurkako Europako Astea ospatzeari atxikitzeko. Ekitaldia Biriketako Minbiziaren Pairatzaileen Espainiako Elkartearekin batera antolatu da, eta xede izan du "munduan heriotza-tasa altuena duen" minbiziaren errealitatea ikusgai egitea. Espainian bakarrik, eritasunaren 31.000 diagnostiko inguru egin ziren 2022an.

 

Horrela adierazi du Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak, zeinak azpimarratu baitu osasunaren alorreko elkarteen eskakizunei entzutearen garrantzia. Haientzat, "Parlamentuko eta Osasun Batzordeko ateak irekita daude, haiexek baitira eritasuna eta haren ondorioak gertuenetik ezagutzen dituztenak".

 

Lehendakariak iragarri du Parlamentuak lan eginen duela legegintzaldi honetan zehar Nafarroako osasungintza hobetzeko, "edozein gizarterentzat zerbitzu publiko funtsezkoa izaki". Orobat aldarrikatu du ikerlanean inbertitzearen nahitaezkotasuna, pandemiak nabarmendutako premia baita, eta "kasu honetan are premiazkoagoa, heriotza-tasarik altueneko minbizia denez gero".

 

Jarraian, Biriketako Minbiziaren Pairatzaileen Espainiako Elkarteko lehendakariorde Inmaculada Escriche andreak borondate politikoa exijitu du "osasun publikoko problema peto-peto" honi aurre egiteko, zeinetan biziraupenak ez baitu % 28 gainditzen 3 kasutatik 2tan.  "Oso berandu detektatu ohi da, ezari-ezarikoa baita, eta sintomak nabaritzen direnerako oso barreiatuta egon ohi da, halatan nabarmen murriztuta gelditurik tratamendu eskuragarriak".

 

Escrichek biriketako minbiziaren diagnostikoarekin eta horren ondorioekin berak izandako historia pertsonala azaldu du, minbizi-mota honek ukitzen dituen pertsonek jasaten duten "bakardade eta abandonua" agerian jartzeko. Halaber esan du diagnostiko goiztiarra errazteko baheketa-programak gauzatzea edo biziraupena luzatzen duten berrikuntzazko terapiak aplikatzea "borondate politikoko afera bat" direla.

 

Azkenik, elkarteko kide den Alberto Urtasun jaunak irakurri egin du Biriketako Minbiziaren aurkako Europako Astearen kariaz Biriketako Minbiziaren Pairatzaileen Espainiako Elkarteak kaleratu duen adierazpen instituzionala, non jasotzen baitira "ezkutuko epidemiarako hiru soluzioak", Europako gomendioak, osasungintza-erakundeetan abiaraz daitezen.

 

Lehenik eta behin erreibindikatzen dute beharrezkoa dela autonomia-erkidego guztietan detekzio goiztiarreko programei ekitea, biriketako minbizia dosi baxukoak diren ordenagailu bidezko tomografia axialen bidez bahetuz. Horrez gain proposatzen da diagnostiko molekularraren garapen eta aplikazioa nazio-lurralde osoan bultzatzea, ezen medikuntza pertsonalizatuko plan berariazkoek modua ematen dute paziente bakoitzarentzako egokienak eta eraginkorrenak diren tratamenduak eskaintzeko. Azkenik, exijitzen dute berma dadila Sendagaien Europako Agentziak baimendutako berrikuntzazko sendagaietarako lorbide berdinzalea.

 

Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da, eta bertaratu dira, besteak beste, Ainhoa Unzu, lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren lehendakariordea, Yolanda Ibáñez, lehen idazkaria, Mikel Zabaleta, bigarren idazkaria, Leticia San Martín (UPN), Maite Esporrín (PSN), Txomin González (EH Bildu), Mikel Asiain (Geroa Bai), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).

 

Biriketako Minbiziaren Pairatzaileen Espainiako Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 2008an eratua biriketako minbiziaren diagnostikoa ematen zaien pertsonei laguntze aldera. Elkarteak sostengu psikologiko eta gizatiarra ematen die pazienteei, zuzenbide-aholkularitza eskaintzen die, ikerketa sustatzen du, eta biriketako minbiziaren prebentzio eta detekzio goiztiarrerako informazio-jardueretan aritzen da.