Nafarroako Parlamentuak bat egin du Hezkuntzaren Aldeko Mundu mailako Kanpainarekin
Ganberak ez du erabakirik hartu PPk eta Voxek bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskumena Nafarroari eskualdatzearen aurka Konstituzio Auzitegian aurkeztu dituzten helegiteen inguruan
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Hezkuntzaren Aldeko Mundu mailako Kanpainak sustaturiko MilaMilioiAhots kanpainarekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hezkuntzaren Aldeko Mundu mailako Kanpainak sustaturiko #MilaMilioiAhots kanpainarekin.
2. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, hezkuntzarako aurrekontuaren igoerak ziurtatzeko, pertsona eta talde ahulenentzako lehentasunarekin, eta hezkuntza bermatzeko giza eskubidea den aldetik.
3. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du bere eskumenen esparruan jarduteko, gutxien garaturiko herrialdeen zorra arintzea xede, hezkuntza bezalako oinarrizko zerbitzu publikoetan inbertitzeko neurri pizgarriak barne harturik.
4. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du sustatzen jarraitzeko Nafarroak garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko solidaritatearen alorretan darabilen politika, herrialde txirotuetako komunitateetan giza garapena aldezte aldera eta larrialdi humanitarioko egoeren ondoriozko efektuak arintzen laguntze aldera, bai eta Nafarroan herritartasun globalerako sentsibilizazioko eta hezkuntza eraldatzaileko urratsak egiteko. Hori guztia, komunikazio- eta partaidetza-bideak mantenduz Parlamentuaren eta garapenerako lankidetzan nahiz nazioarteko solidaritate-zereginetan Nafarroan etengabeko lanean diharduten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, kolektiboen eta erakundeen artean.
5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, lanean aritzeko garapen jasangarrirako helburuen 2030 Agendako helburuak lortzearren; oso bereziki, hezkuntza-helburuak, bai eta hezkuntza eraldatzailea, eta bakearen eta gizarte kohesioaren sustatzailea dela zaintzeko ere.
6. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du irakaskuntzako langileei behar bezalako arreta emateko, eskerrak emanez pandemian zehar hezkuntza-ondorioak arintzeko egindako ahaleginagatik, haiek gabe ezin izanen baita lortu kalitatezko hezkuntza ekitatibo eta inklusiboa gure eskoletan.
7. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du ikastetxeei eremu seguru gisa aitortza egiteko eta errespetatzeko, komunitate osoak segurtasunez ikasi eta irakatsi ahal dezan bermatzen baitute, hezkuntzarako eskubidea zainduz, pertsona guztiendako aukera-berdintasunean, edozein direla ere adina, generoa, erlijioa, gizarte klasea edo gaitasun desberdinak.
- Eledunen Batzarrak ez du onartu adierazpen instituzionala egiteko proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak salatu eta gaitzesten baititu Ukraina eta bertako gobernua babestearen aurka dauden pertsonen eta alderdi politikoen adierazpenak eta ekintzak. Navarra Sumak aurkeztu du proposamena. PSNk aurka bozkatu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak salatu eta gaitzesten ditu Ukraina eta bertako gobernua errusiar armadaren inbasioa eta lurralde hartan eginiko gehiegikeriak direla-eta babestearen aurka dauden pertsonen eta alderdi politikoen adierazpenak eta ekintzak.
2. Nafarroako Parlamentuak babesa eta elkartasuna adierazten dizkio Zelenski presidenteari, Ukrainako herriaren ordezkari zilegia baita, bai eta Ukrainako herritar guztiei ere.
- Eledunen Batzarrak ez du onartu adierazpen instituzionala egiteko proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen baititu Alderdi Popularrak eta Voxek bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskumena Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzearen aurka Konstituzio Auzitegian aurkeztutako errekurtsoak, autogobernuari eginiko erasoa baitira. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute. Navarra Sumak aurka bozkatu du.
1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen ditu Alderdi Popularrak eta Voxek bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskumena Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzearen aurka Konstituzio Auzitegian aurkeztutako errekurtsoak, autogobernuari eginiko erasoa baitira.
2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du zenbait alderdi politikok defendatzen duten politikaren judizializazio sistematikoa.
3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du Nafarroaren autogobernuaren aldeko konpromisoa, eta autogobernu hori Nafarroak bere eskumenak zilegitasunez baliatuz darabilela deritzo.