Nafarroako Parlamentuak bat egin du Hiesaren aurkako Munduko Egunarekin, lehen diagnostikoaren 40. urteurrenean
Legebiltzarreko fatxadan begizta handi bat dago zintzilik, eta gaur iluntzean gorriz argituko da, ‘Detektaezina – Transmitiezina’ kanpainarekiko atxikimenduaren erakusgarri
Nafarroako Parlamentuak Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egiteko ekitaldi instituzionala egin du gaur, Sare Elkartearekin eta Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrarekin batera. 1981az geroztik 39 milioi pertsonaren heriotza eragin duen gaixotasunaren lehen diagnostikoaren 40. urteurrena da aurtengoa, ‘Detektaezina = Transmitiezina’ lelopean ospatzen ari dena.
Hala berretsi du Unai Hualde Legebiltzarreko lehendakariak, eta “GIBik gabeko belaunaldi bat lortzeko lanean jarraitzearen” alde agertu da. Horretarako, “diagnostiko goiztiarra, diskriminaziorik eza eta arreta soziosanitarioaren bermea behar dira, berezitasunak kontuan hartuta, bereziki emakumeenak eta adinekoenak, horrek bideragarri egingo baitu NBEk sustatutako erronka lortzea, hau da, 2030. Urterako Hiesarekin amaitzea. Pertsonen osasuna babestea eta kutsatzeak ekiditea dira giltzarria”.
Testuinguru horretan, eta mezu matxista, homofobo eta transfoboen areagotzeari buruz ohartarazi ondoren, presidenteak pandemiaren ondoren jazotako sexu-transmisiozko infekzioen gorakadaz ohartarazi du. “Ezin dugu arreta jaitsi, GIBa ikusarazteko ahaleginak egin behar ditugu. GIBari lotutako diskriminazio ezaren eta tratu-berdintasunaren aldeko Itun Sozialean jasotako neurriak garatzen jarraitzearen aldeko apustua egiten du Legebiltzar honek”.
Amaitzeko, Hualdek Sare Elkartearen eta Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarraren lana goraipatu du, eta astearte honetan, azaroaren 30ean, Eledunen Batzarrak onartutako adierazpen instituzionala gogorarazi du.
Jarraian, Jon Urangak (Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarra) eta Lorea Gurucharriguik (Sare) gogorarazi dute “GIBaren aurkako erantzuna hasieratik izan dela giza eskubideen gaia. Gizarte zibila funtsezko eragilea izan da GIBari erantzuterakoan, beste kausa askorako eredu bihurtuta, jarduteko modu batekin non GIBarekin bizi garenok protagonistak eta aldaketaren motorra izan garen. Zoritxarrez, azken garai honetan ikusten ari gara diskurtso atzerakoi zahar batzuen itzulera, lortzeko hain neketsuak izan ziren eskubideen aurkakoak. Ez dugula atzerapauso bakar bat ere onartuko”.
Horregatik, 40 urteko epidemiaren ondoren eta “argi-itzalen” historia baten ondoren, “lidergo politikoa eta konpromiso ekonomiko nahikoa eskatzen da GIBarren aurkako erantzun iraunkor bat bermatzeko. Horrek esan nahi du giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak behar direla GIBarekin eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuekin (STI) lotutako prebentzio-, laguntza- eta ikerketa-lanak koordinatzeko”.
Nafarroari dagokionez, bi erakundeek uste dute tratamenduaren eskuragarritasuna bermatuta dagoela, eta tratamenduan dauden pertsonen % 91,8k birus-karga detektaezina dutela; “horrek esan nahi du ezin dutela birusa transmititu. Hala ere, GIBa duten pertsonen % 84 diagnostikatuta, urruti gaude oraindik NBEk 2030erako ezarritako % 95era iristetik. Gauza bera gertatzen da bizi-kalitateari eta diskriminazio ezari buruz ezarritako helburuen parametroekin”.
Etorkizunean, “genero-ikuspegia eta gazte-begirada duten prebentzio-estrategia indartsuen jarraipena” defendatzen dute batzuek eta besteek. “Helburua ONUSIDAren 95-95-95 helburuak lortzea eta GIBari lotutako diskriminazio ezaren eta tratu-berdintasunaren aldeko Itun Soziala garatzen aurrera egitea da. 2019ko irailean, Osasunbideak bere prestazioen artean sartu zuen PrEP, eta, bestalde, funtzio publikorako sarbidean GIBa duten pertsonen bazterketarekin amaitzea lortu da. Lorpen horiek guztiek gure ahalegina berritzen dute”.