Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Abenduak 1

Nafarroako Parlamentuak bat egin du Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunarekin

Gaur arratsean Parlamentuko fatxada gorriz argiztatuko da, GIBa dutenenganako bereizkeria ezabatzeko neurriak bultzatzen jarraitzeko konpromisoaren adierazgarri

Nafarroako Parlamentuak, Sare elkartearekin eta Hiesaren aurkako Herritarren Batzordearekin batera, gaur ekitaldi instituzionala egin du Hiesaren aurkako Mundu Eguna dela-eta. Bizi gara, eusten diogu, maitatzen dugu... eta zahartzen gara! leloaren pean, gogora ekarri du nola duela 40 urte baino gehiago borroka hasi zen “gaixotasunari lotutako estigma ezabatzeko eta gizarte eskubideen arloko aurrerapenak medikuntza eta zientziako aurrerapenen eskutik etorri behar direla aldarrikatzeko”.

 

Hala baieztatu du Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak, eta “argi-itzalez betetako” 40 urte luze hauetan gizartean nahiz osasungintzan egin diren aurrerapausoen balioa nabarmendu du. Hain zuzen ere, poza agertu du GIBaren detekzio goiztiarrerako programa pilotua abiatu delako. Iragan astelehenean iragarri dute kontseilariak eta Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak, eta haren bitartez hamabi botikatan GIBaren proba azkarrak eginen zaizkie hala eskatzen dutenei. “Berri ona da, diagnostiko goiztiarra baita hiesaren kontra borrokatzeko tresna garrantzitsuenetako bat”.

 

Testuinguru horretan, “sexu hezkuntza publikoa bermatzen eta Skolae bezalako hezkidetza programak indartzen jarraitzeko beharra” aldarrikatu eta gero, Unai Hualdek aitortu du erne ibili behar dela. “Nahiz eta Nafarroan UNAIDSek 2020rako proposatutako helburuak lortzen ari garen eta GIBaren pandemiari eraginkortasunez erantzuten, erakundeok estrategiak diseinatzen jarraitu behar dugu, elkarte eta kolektiboekin batera, pandemia honi amaiera ematea lortzeko”.

 

Azkenik, Hualdek Sare elkartearen eta Hiesaren aurkako Herritarren Batzordearen lana goraipatu du. Eskerrak eman dizkie “Nafarroako osasun publikoa hobetzeagatik”, eta gogora ekarri du Mahaiak eta Eledunen Batzarrak azaroaren 27an onetsitako adierazpen instituzionala. “Mila esker Nafarroan 36 urte baino gehiagoz egin duzuen lanarengatik”.

 

Jarraian, Marina Parrasek (Hiesaren aurkako Herritarren Batzordea) eta Lorea Gurutxarrik (Sare) GIBa duten pertsonen zahartzeari eta bizi kalitateari jarri diote arreta. Nafarroan 100-150 bat pertsona direla zenbatetsi da, eta horrenbestez “infekzio guztien % 90etik gora leudeke diagnostikatuta”. UNAIDSek proposatu zuen 2020rako pertsonen % 90ek jakitea beren egoera serologikoaren berri, eta Nafarroan “hiru urteko atzerapenaz” lortu da helburu hori.

 

Horregatik, Nafarroako 12 botikatan GIBaren proba azkarra egitearen esperientzia pilotua eta entitate eta erakundeen arteko lankidetza bermatu eta sendotzearen aldeko apustua “oso positiboki” baloratu ondoren, eskatu dute osasungintza publiko eta unibertsalaren irisgarritasuna hobetzeko, hau da, “ez dadila errolda izan osasunerako eskubideen giltza”.

 

Horrez gain, Sare elkarteak eta Hiesaren aurkako Batzordeak beharrezkotzat jotzen dute prebentzio konbinatuan lan egiten jarraitzea, GIBarekiko esposizio aurreko profilaxia (sexu harremanen edo zainetiko droga kontsumoaren bitartez birusaz ez kutsatzeko medikamentuak) eskuragarriago egitea, eta esposizio ondoko profilaxia ematen duten osasun langileek darabilten protokoloa indartzea, bai eta osasun sare publikoko profesionalen gaikuntza ere.

 

Bide horretan, entitateek Administrazioko eta Osasunbideko eragile guztiekin batera lan egin nahi dute “zainketak eta ikusmolde positibo eta berdinzalea ardatz izanen dituen sexu hezkuntza publikoa bermatzeko”, eta horretarako proposatu dute kanpaina instituzionalak egin daitezela sexu osasuna sustatzeko eta GIBaren infekzioen eta sexu transmisiozko beste infekzio batzuen prebentziorako.

 

Bukatzeko, Sare elkarteak eta Hiesaren aurkako Batzordeak aurrera egin nahi dute Hiesaren eta sexu transmisiozko beste gaixotasun batzuen prebentzio eta kontrolerako Planeko batzorde teknikoarekin batera egiten ari den lanean. Bertan arlo askotatik eta modu integralean heldu zaie “sexu osasunaren sustapenari, GIBaren eta sexu transmisiozko beste infekzio batzuen prebentzioari eta GIBa duten pertsonen bizi kalitatearen hobekuntzari”. Gainera, zainketen eredu osoago bat aldarrikatu dute, erdigunean jarriko dituena norbanakoen beharrak, “ez behar medikoak soilik”. Komunitateak parte hartzea ezinbestekoa da zainketak ardatz izan daitezela, desparekotasunak gainditu ahal izateko eta GIBa duten pertsonen bizi kalitatea egunez egun hobetzeko”.

 

Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da, eta honako hauek bertaratu dira, besteak beste: Ainhoa Unzu Mahaiko lehendakariorde lehena, Juan Luis Sánchez de Muniáin bigarren lehendakariordea, Yolanda Ibáñez lehen idazkaria, Mikel Zabaleta bigarren idazkaria, Leticia San Martín (UPN), Kevin Lucero (PSN), Txomin González (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Javier García (PPN) eta Emilio Jiménez (Vox).