Nafarroako Parlamentuak bat egin du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunarekin
Elkarretaratzea egin du Legebiltzarraren atarian sexu-joera eta sexu –edo genero- identitateagatiko diskriminazioaren aurka eta egoitzaren aurrealdean olana adierazgarria zintzilikatu du
Nafarroako Parlamentuak LGTBI kolektiboaren harrotasunaren ospakizunarekin bat egin du gaur, eta egoitzaren aurrealdean Nafarroa LGTBIfobiarik gabeko lurraldea leloa duen olana zintzilikatu du, aurreiritzien aurkako borrokaren babes ikur gisa.
Horrez gain, Unai Hualde lehendakariak eta talde guztietako parlamentarioek 12:00etan Legebiltzarreko atarian elkarretaratze bat burutu dute, sexu-joera eta sexu –edo genero- identitateagatiko diskriminazioaren aurka.
LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunarekin bat eginez, Eledunen Batzarrak pasa den asteartean, hilak 25, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk aurkeztutako Adierazpen Instituzional bat onetsi zuen, talde guztien babesarekin, Navarra Sumak 6. puntuaren aurka bozkatu zuelarik.
Adierazpenak honako hau dio:
“1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du aurten ere LGTB+ Harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita, eta elkarretaratzea eginen du 12:00etan Legebiltzarraren atarian.
2.- Nafarroako Parlamentuak sexu-askapenaren bandera –ortzadarraren bandera– jarriko du ikusteko moduko leku batean, heldu den ekainaren 28an LGTB kolektiboaren harrotasunaren eguna dela-eta, LGTB+ PERTSONEN BERDINTASUN SOZIALARI BURUZKO EKAINAREN 19KO 8/2017 FORU LEGEAN EZARTZEN DENEZ.
3.- Eratu berri den Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa da lan egiten jarraitzea erakunde eredugarria izateko eskubide-berdintasunaren eta sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta ez diskriminatzearen aldeko borrokan; hartara, diskriminazio-egoera horiek borrokatzera bideratutako beharrezkoak diren ekintzak bultzatzen, LGTB+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko Foru Legea betetzen dela zorrotz begiratzen eta, bere eskumenekin bat, legea egoki garatzeko beharrezkoak diren baliabideak bermatzen jarraituko du.
4.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, ezinbestekoa da pertsona guztiek, alde batera utzita beren adina, sexu-orientazioa edo genero-identitatea, bermatuta izatea bizitza oso eta askea izateko eskubidea eta, halaber, gizarteak aukera izatea adinekoenen ekarpenen onurak jasotzeko. Horretarako, beharrezkoa da adina, sexu-orientazioa edo genero-identitategatiko diskriminazio ororen aurka borroka egitea eta osasunerako eta ongizate fisiko, mental eta emozionalerako lagungarriak izanen diren zerbitzu publikoak sendotzea. Erakundeen eginkizuna da adineko pertsona guztiak zaintzea eta zenbait taldek, hala nola adineko LBTG+ pertsonek bizi dituzten egoera bereziak konpentsatzeko politikak ezartzea.
5.- Nafarroako Parlamentuak LGTB + pertsonak eta LGTBI+ mugimendua babestuko ditu urratsak egite aldera politika, zientzia, hezkuntza, enpresa eta kirol arloan ikusgarritasun osoa lortzeko bidean, halako moduz non gizartearen esparru bakoitzean errealitatea ikusgarri den eta LGTB + gazteei erreferenteak eskaini ahal zaizkien.
6.- Horrekin lotuta, Nafarroako Parlamentuak uste du ezinbestekoa dela SKOLAE programa diru publikoz lagundutako ikastetxe guztietan ezartzea eta deitoratzen du zenbait sektore kontserbadoretatik programa horren eta, oro har, hezkidetzaren aurka egiten ari den kanpaina mediatiko eta judiziala.
7.- Nafarroako Parlamentuak berresten du giza eskubideekiko konpromisoa eta adierazten du beharrezkoa dela inbertitzea sexu-bestelakotasuna eta pertsonak beren sexu-orientazioa edo genero-identitateagatik ez diskriminatzea lagunduko duten politiketan. Horretarako, arreta, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatu behar dira, gure hiriak sexu-bestelakotasunaren adierazpen guztientzako gune askeak izan daitezen, 8/2017 Foru Legean jasotzen den moduan.
8.- Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du sexu-bestelakotasunean oinarritutako gorroto delitu oro eta bere elkartasuna adierazi nahi die gure erkidegoan nahiz gure erkidegotik kanpo beren sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta erasorik, mespretxurik edo diskriminaziorik pairatu duten pertsona guztiei; bereziki, errepresioa are heriotza-zigorra, jazarpena edo espetxeratzea pairatzeraino irits daitekeen herrialdeetan. Halaber, arbuiatu egiten du egiazko berdintasunaren aurka doan ekintza sozial eta politiko oro.
9.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela LGTB + politikak Nafarroa osoan sendotzea Kattalingune zerbitzua errotuz eta zabalduz, beste eginkizun batzuen artean zenbait LGTB+ talderen errealitateari eta beharrizanei buruzko diagnosiak egiteko, arreta berezia jarrita landa eremuetan”.