Nafarroako Parlamentuak bat egin du LGTBI+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin
Sexu-joera edo genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurkako politiken sustapenean "erakunde eredugarria" izaten jarraitzeko konpromisoa agertu du Legebiltzarrak
Ekainaren 28an ospatzen den LGTBI+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi instituzional bat egin du Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuarekin eta arlo honetan lan egiten duten elkarteekin batera. Berdintasunarekiko eta sexu-joera eta genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurkako borrokarekiko konpromisoa berretsi nahi izan du Parlamentuak.
Legebiltzarraren eraikinaren sarreran ospatu da ekitaldia eta María Chivitek, Unai Hualdek eta talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarte guztietako ordezkariek LGTBI+ mugimenduari aintzatespena helarazi diote, zeinaren lana “funtsezkoa” baita “giza eskubide guztien aitortzarako bidean”. Legebiltzarra “estigmatizazioari aurre egiteko behar diren ekintza guztiak sustatzen dituen erakunde eredugarri” izan dadila defendatu dute, “bereziki, errepresioa are heriotza-zigorra, jazarpena edo espetxeratzea pairatzeraino irits daitekeen herrialdeetan”.
“Erasotutako, gutxietsitako edo era batean edo bestean diskriminatuak izan diren” pertsona guztiei elkartasuna adierazi ondoren, Parlamentuak adierazi du beharrezkoa dela “Nafarroako Gobernuak osorik garatzea LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezarritakoa”, eta foru legea “betetzen dela zorrotz begiratuko” duela gehitu du.
Unai Hualdek eta María Chivitek eman diote hasiera ekitaldiari, Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko lehendakariek, eta pasa den astelehenean lehendakaritzaren ekimenez Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako adierazpen instituzionala irakurri dute euskaraz eta gazteleraz.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI+ kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina 2020ko ekainaren 28an –igandea– eginen baita.
2. Nafarroako Parlamentuak sexu-askapenaren bandera –ortzadarraren bandera– jarriko du bere fatxadan, heldu den ekainaren 28an LGTB kolektiboaren harrotasunaren eguna dela-eta, LGTB+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezartzen denez.
3. Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzional bat eginen dute ekainaren 26an –ostirala–, 12:00etan, LGTBI+ kolektiboekin batera gure eraikinaren sarreran, LGTBI+ kolektiboaren harrotasunaren Eguna ospatzeko.”
Jarraian, Isabel Olavek (Navarra Suma), Nuria Medinak (PSN), Blanca Regúlezek (Geroa Bai), Patricia Peralesek (EH Bildu), Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) astelehenean Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako bigarren adierazpen instituzionala irakurri dute, honakoa EH Bildu talde parlamentarioaren eta Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartearen ekimenez.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI+ kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina 2020ko ekainaren 28an –igandea– eginen baita.
2. Nafarroako Parlamentuak sexu-askapenaren bandera –ortzadarraren bandera– jarriko du ikusteko moduko leku batean, heldu den ekainaren 28an LGTB kolektiboaren harrotasunaren eguna dela-eta, LGTB+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezartzen denez.
3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak osorik garatzea LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezarritakoa eta bete dadila bermatzea.
4. Nafarroako Parlamentuak aitortu egin nahi du LGTBI+ mugimenduaren konpromisoa, eta uste du mugimendu hori funtsezkoa izan dela LGTBI+ kolektiboaren giza eskubideak legez aitortzeari begira izandako aurrerabidean.
5. Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa da lan egitea erakunde eredugarria izateko eskubide-berdintasunaren eta sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta ez diskriminatzearen aldeko borrokan, eta hartara diskriminazio-egoera horiek borrokatzera bideratutako beharrezkoak diren ekintzak bultzatuko ditu; hartara, foru legea betetzen dela zorrotz begiratuko du.
6. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazi nahi die Nafarroan nahiz gure erkidegotik kanpo beren sexu-joera eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta erasorik, mespretxurik edo diskriminaziorik pairatu duten pertsona guztiei; bereziki, errepresioa are heriotza-zigorra, jazarpena edo espetxeratzea pairatzeraino irits daitekeen herrialdeetan”.
Jarraian, Nora Gómezek eta María Malok, Dekumas, Sare eta Kattalingorri LGTBI+ elkarteen izenean “duintasunez izateko eta bizitzeko” eskubidea aldarrikatu dute, LGTBI+ pertsonen bizitzak baldintzatzen dituzten botere harreman desorekatuak gaindituz, are gehiago egungo larrialdi egoera honen testuinguruan.
Ildo horretan, transexualen kolektiboak pairatzen duen langabezia estrukturala salatu dute, legalki egoera irregularrean dauden LGTBI pertsona migratuek jasaten duten gizarte bazterkeria ere bai, LGTBIfobiak bultzatutako kaleratzeak edo errespetatuak ez diren etxeetatik alde egiteko gazteek dituzten oztopoak.
Amaitzeko, “emakumeek pairatzen duten genero-zapalkuntza eta diskriminazioen batura ikusarazi eta salatzeko” deia luzatu dute, gorrotoak eta aurreiritziek ere baldintzatuta. “Sexu-joera eta LGTBI nortasuna aldarrikatzea lotuta dago Giza Eskubideekin eta derrigorrezko heterosexualitatea ezartzen digun patriarkatu horren dekonstrukzioarekin. Ez dezagun ahaztu pertsonala politikoa dela. Armairuak hausten eta erreferenteak eraikitzen jarraituko dugu”.