Nafarroako Parlamentuak bat egiten du azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin
Unai Hualde izan da Parlamentuko ordezkaritzaren burua Foru Gobernuak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NBI) bidez antolatutako herritarren elkarretaratze isilean
Ostegun honetan Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional baten bidez erabakitakoari jarraiki, Nafarroako Parlamentuak bat egin du azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren karietara Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatu duen herritarren elkarretaratze isilarekin.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak berriro ere bere arbuioa adierazten du emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioren ondoriozko edonolako indarkeria matxistaren aurrean, edozein alor eta testuingurutan.
2. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa berresten du, lanean aktiboki jarraitzeko emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria eta ahuldade egoeren iturri diren desberdinkeria guztien aurka.
3. Nafarroako Parlamentuak emakume eta neskato erasotu eta/edo erailenganako elkartasuna adierazten du, indarkeria sexista muturrekoenaren biktima diren aldetik, eta bere laguntza osoa eskaintzen die haiei eta haien familiei.
4. Nafarroako Parlamentuak berresten du beharrezkoa dela adin guztietako gizonezko guztiek konpromisoak eta posizio aktiboak har ditzaten emakumeenganako edonolako indarkeriaren aurka.
5. Nafarroako Parlamentuak herritar guztiak gonbidatzen ditu jarrai dezaten emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen, eta konpromisoa erakusten indarkeria horren deuseztatzearekin, kontrol patriarkalaren adierazpen oro eta emakumeen askatasunerako eta autonomiarako muga eta baldintzapen oro salatzen, eta parte har dezaten azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan.
6. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin eta, hori dela eta, parte hartuko du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez deituriko herritarren elkarretaratze isilarekin, zeina eginen baita azaroaren 25ean, ostirala, 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren atarian (Karlos III.a etorb.), emakumeekiko indarkeria arbuiatzeko”.