Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Diabetesaren Mundu Egunarekin
Amnistiari buruzko lege bat izapidetzearen aurkako bi adierazpen bertan behera geratu dira, bai eta hirugarren bat ere, beste autonomia-erkidego batzuen zorra barkatzeak Hitzarmen Ekonomikoan duen eragina berrikusteko
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Diabetesaren Mundu Egunarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du azaroaren 14an ospatzen den Diabetesaren Mundu Egunarekin. Eta ekitaldi bat eginen du egun horretan, 13:00etan, ANADIrekin batera.
2. Nafarroako Parlamentuak bere fatxada urdinez argiztatuko du azaroaren 14an.
3. Nafarroako Parlamentuak erakunde eskudunak premiatzen ditu diabetes gaixotasunari aurrea hartzeko politikak sustatzen jarrai dezaten.
4. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du gaixoen eta profesionalen diabetes arloko prestakuntza eta hezkuntza areagotzeko neurriak sustatzea.
5. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela diabetesaren ikusgaitasuna sustatzea, eta aldeztu egiten ditu ANADIk Diabetesaren Mundu Eguna dela-eta antolatu dituen jarduerak”.
- Eledunen Batzarrak atzera bota du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere arbuio sendoa adierazten baitu 2017ko estatu-kolpe separatistaren arduradunei amnistia ematea dela-eta. Vox Nafarroa foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
UPNk alde bozkatu du, PSNk aurka, eta gainerakoek ez dute hitzik hartu.
Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Gure arbuio irmo eta sendoa adierazten dugu Pedro Sanchezen asmoa dela-eta, alegia, Kataluniako kolpistei amnistia emateko lege bat adostuta Espainiako Gobernuko presidente gisa inbestitua izatea.
2. Diputatuen Kongresuan Nafarroako probintzia ordezkatzen duten bost diputatuetako bakoitzaren erantzukizunari eta duintasunari dei egiten diogu, Espainiaren batasunaren, berdintasunaren eta justiziaren eraso honen aurka bozka dezaten.
3. Adierazten dugu Kataluniako kolpistei amnistia emateko lege baten alde edota lege hori ordain gisa jasotzen duen inbestidura baten alde bozkatzen duten diputatuak aurrekaririk gabeko traizio horren erantzule izango direla.
4. Adierazten dugu Gorte Nagusietako gobernu-organoek amnistiari buruzko legea izapidetzeari uko egiteko beharra, Espainiaren batasunaren, espainiar guztien berdintasunaren, gure demokraziaren, Konstituzioaren eta Zuzenbide Estatuaren aurkakoa baita.
5. Erabaki hau berehala helaraztea Diputatuen Kongresuko eta Senatuko lehendakaritza-organoei.
- Eledunen Batzarrak atzera bota du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen baitu ERCrekin negoziatu den amnistia, Botere Judizialaren independentziaren oinarriak kolpatzea dakarrelako. PPN talde parlamentarioak aurkeztu du.
UPNk alde bozkatu du, PSNk aurka, eta gainerakoek ez dute hitzik hartu.
Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du ERCrekin negoziatu den amnistia, Botere Judizialaren independentziaren oinarriak kolpatzea dakarrelako, autonomien estatua ahulduko duelako, gutxiengo baten pribilegioak areagotuko dituelako eta Konstituzioak ezartzen duen espainiarren arteko berdintasuna urratuko duelako.
2. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du Nafarroako herritarrak ez tratatzea hirugarren mailako espainiar gisa. Horretarako, beharrezkoa da Nafarroak beste autonomia-erkidego baten zorra bere gain hartu beharrik ez izatea berea ez den itun baten bidez; itun horretan, gainera, ez da aurreikusi araubide erkidetik kanpo dauden erkidegoek, hala nola Nafarroak, etekinik jaso ahal izatea.
- Eledunen Batzarrak atzera bota du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Nafarroak Estatuarekin duen Hitzarmen Ekonomikoa berrikustea eskatzen baitu, inbestidura-akordioetan Kataluniari zorra barkatu ondoren. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.
PSNk aurkako botoa eman du, eta gainerakoek ez dute hitzik hartu.
Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak bidezko tratua eskatzen du Nafarroarentzat, herritarrek kalterik ez pairatzea akordio horiengatik eta egoera ekonomiko berean edo hobean dauden beste autonomia-erkidego batzuen zorrak bere gain hartu beharrik ez izatea.
2. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du berehala berrikustea Estatuarekin dugun harreman ekonomikoa, kontuan hartuta Kataluniako autonomia-erkidegoari eta araubide erkideko gainerako erkidegoei 15.000 milioi euro barkatuko zaizkiela. Gogora ekarri behar da zorra barkatze horrek eragina duela Foru Komunitateko kontu ekonomikoetan, Estatuko kontuekin Hitzarmen Ekonomikoaren bidez duen harremana dela-eta.