Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunarekin, zeina azaroaren 25ean baita
Ganberak datorren osteguneko Osoko Bilkura etengo du Nafarroako Gobernuko Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) Sarasate pasealekuan 11:00etan antolatu duen ekitaldiarekin bat egiteko
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunarekin, zeina azaroaren 25ean baita. Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin.
2. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen du berdintasunarekin eta emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte batekin.
3. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du berdintasuneko teknikarien sareak eginiko manifestuarekin, zeinak “Indarkeria bakarra, hamaika modu” izenburupean hamaika modu desberdinen bidez adierazten den indarkeria matxistaren egiturazko izaera jartzen baitu erdigunean eta emakumeen aurkako indarkeria modu oro arbuiatzen baititu, eremu eta testuinguru guztietan.
4. Nafarroako Parlamentuak babesten du toki-entitateen bultzada, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko bizitza aske baterako duten eskubidea bermatuko duten neurriak agenda politikoan sartzeko, emakumeen elkarte eta talde feministekin eta herritar guztiekin batera, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra jarduteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean eta bere ekintza planean jasotako betebeharrak betetzen direla ziurtatze aldera, bai eta indarkeria matxistarekin loturiko araudi berrien baliabide desberdinen arteko koordinazio-protokoloak bermatzeko eta Estatu-ituna gaurkotzeko ere.
5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du beste erakunde batzuekin eta herritarrekin era koordinatuan lanean jarraitzeko, prebentzio, ikerketa eta sentsibilizaziorako eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek eta haien seme alabei arreta, justiziarako sarbidea eta erreparazioa emateko sustatzen ditugun neurri integralen kalitatea hobetzeko.
6. Nafarroako Parlamentuak parte hartuko du heldu den ostegunean, 11:00etan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eta Nafarroako Gobernuak Sarasate pasealekuan eginen duten ekitaldian”.