Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Apirilak 11

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hezkuntzaren Aldeko Mundu mailako Kanpainak sustaturiko MilaMilioiAhots kanpainarekin

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2022ko apirilaren 11n

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Hezkuntzaren Aldeko Mundu mailako Kanpainak sustaturiko MilaMilioiAhots kanpainarekin.  Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hezkuntzaren Aldeko Mundu mailako Kanpainak sustaturiko #MilaMilioiAhots kanpainarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, hezkuntzarako aurrekontuaren igoerak ziurtatzeko, pertsona eta talde ahulenentzako lehentasunarekin, eta hezkuntza bermatzeko giza eskubidea den aldetik.

 

3.  Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du bere eskumenen esparruan jarduteko, gutxien garaturiko herrialdeen zorra arintzea xede, hezkuntza bezalako oinarrizko zerbitzu publikoetan inbertitzeko neurri pizgarriak barne harturik.

 

4. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du sustatzen jarraitzeko Nafarroak garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko solidaritatearen alorretan darabilen politika, herrialde txirotuetako komunitateetan giza garapena aldezte aldera eta larrialdi humanitarioko egoeren ondoriozko efektuak arintzen laguntze aldera, bai eta Nafarroan herritartasun globalerako sentsibilizazioko eta hezkuntza eraldatzaileko urratsak egiteko.  Hori guztia, komunikazio- eta partaidetza-bideak mantenduz Parlamentuaren eta garapenerako lankidetzan nahiz nazioarteko solidaritate-zereginetan Nafarroan etengabeko lanean diharduten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, kolektiboen eta erakundeen artean.

 

5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, lanean aritzeko garapen jasangarrirako helburuen 2030 Agendako helburuak lortzearren; oso bereziki, hezkuntza-helburuak, bai eta hezkuntza eraldatzailea, eta bakearen eta gizarte kohesioaren sustatzailea dela zaintzeko ere.

 

6. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du irakaskuntzako langileei behar bezalako arreta emateko, eskerrak emanez pandemian zehar hezkuntza-ondorioak arintzeko egindako ahaleginagatik, haiek gabe ezin izanen baita lortu kalitatezko hezkuntza ekitatibo eta inklusiboa gure eskoletan.

 

7.  Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du ikastetxeei eremu seguru gisa aitortza egiteko eta errespetatzeko, komunitate osoak segurtasunez ikasi eta irakatsi ahal dezan bermatzen baitute, hezkuntzarako eskubidea zainduz, pertsona guztiendako aukera-berdintasunean, edozein direla ere adina, generoa, erlijioa, gizarte klasea edo gaitasun desberdinak.

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoDeclaración Institucional