Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Miguel Ángel Blanco eta haren familiarekiko oroitzapenarekin, bai eta Espainia osoan egiten ari diren manifestazio eta omenaldi ugariekin ere
Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko uztailaren 18an
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Miguel Ángel Blanco eta haren familiarekiko oroitzapenarekin, bai eta Espainia osoan egiten ari diren manifestazio eta omenaldi ugariekin ere. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.
Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Navarra Suma, PSN eta Podemos-Ahal Duguk; Geroa Baik 1. eta 3. puntuen aldeko botoa eman du eta abstenitu egin da 2., 4. eta 5. puntuetan. I-Ek 1., 2. eta 3. puntuen aldeko botoa eman du eta 4. eta 5. puntuetan abstenitu da.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bat egiten du Miguel Ángel Blanco eta haren familiarekiko oroitzapenarekin, bai eta xede horrekin Espainia osoan egiten ari diren manifestazio eta omenaldi ugariekin ere.
2. Estimua eta errekonozimendua adierazten die ETAren terrorismoaren biktima guztiei, askatasunaren eta zuzenbide estatuaren defentsaren ordezkari baitira.
3. Terrorismoaren eta ETA banda terroristaren indarkeriaren arbuioa eta gaitzespena berresten du.
4. Errefusatzen du ETAren eta bere hurbileko erakundeen indarkeria terroristaren kontakizuna berridatzi eta zuritu nahi duten guztien ahalegina. Halaber, justifikaziorik gabe errefusatzen du banda terroristarekin harremanik izan duen edozein pertsona goretsi eta omentzeko ekitaldi oro.
5. ETAren terrorismoarekin loturiko sare osoaren laguntza exigitzen du, beren esku dagoen eta argitu gabeko atentatuak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia eman dezan”.