Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Minbiziaren aurkako Mundu Egunaren kanpainarekin: “Minbizia da”
Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko otsailaren 3an
- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Minbiziaren aurkako Mundu Egunaren kanpainarekin: “Minbizia da”. Navarra Suma, PSN eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak aurten ere erakutsi nahi du minbiziaren aurka borrokatzeko bere konpromisoa, eta bat egiten du Minbiziaren aurkako Mundu Egunaren kanpainarekin: “Minbizia da”.
2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak lan egitea Nafarroako gizartean aztura osasungarriak sustatzeko eta arriskuak ekiditeko (esate baterako, tabakoa, alkohola eta obesitatea, bai eta substantzia kantzerigenoen eraginpean jartzea lanean edo ingurumenean).
3. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak bermatzea pertsona guztiek izanen dutela sarbidea –eraginkorra eta berdintasun-baldintzatan– minbiziaren baheketa programetan, eta minbizia duten pertsonek sarbide eraginkorra izanen dutela tratamendu eraginkor eta berritzaileetan.
4. Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak bermatzea pertsonek artatuak izateko eskubidea dutela, erdigunean jarriko dituena minbizia duten pertsonak eta haien beharrizanak –kalitatezko asistentzia eta zainketa aringarri integralak barne, bizitzaren azken prozesuan–.
5. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak behar adinako finantzaketa bermatzea ikerkuntzarako eta profesionalei arlo horretan prestakuntza emateko.
6. Nafarroako Parlamentuak dei egiten dio Espainiako Gobernuari ikerkuntza onkologikoaren aldeko estatu-itun bat bultza dezan.
7. Nafarroako Parlamentuak kontuan hartzen ditu egindako ikerketak, zeinek agerian uzten baitute ezberdintasun sozioekonomikoak erabakigarriak direla munduan minbizia duten gaixoen biziraupenari begira, eta ezberdintasun hori desagertzeko neurri publikoak sustatzearen alde egiten du”.
8. Nafarroako Parlamentuak berdez argiztatuko du bere fatxada otsailaren 3an, 4an eta 5ean.