Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Parkinsonaren Mundu Egunaren ospakizunarekin
Nafarroako Parlamentuak Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna (apirilaren 8a) eta Nafarroako Ijito Herriaren Eguna (apirilaren 27a) aintzatesten eta oroitzen ditu eta herritarei dei egiten die ekitaldi guztietan parte hartzera
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Parkinsonaren Mundu Egunaren ospakizunarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1.- Nafarroako Parlamentuak bat egin du Parkinsonaren Munduko Egunaren ospakizunarekin, eta ekitaldi bat eginen du apirilaren 14an, 11:00etan, ANAPARrekin batera, nahasmendu horri buruz sentsibilizatzeko.
2.- Nafarroako Parlamentuak babesa ematen die ANAPARek urte osoan eta, bereziki, haren urteurrenaren ospakizunean abian jarritako jarduerei.
3.- Nafarroako Parlamentuak berresten du gaixotasun horren ikerketan eta haren tratamenduaren hobekuntzan inbertitzearen garrantzia eta premia.
4.- Nafarroako Parlamentuak bere egoitzaren fatxada urdinez argiztatuko du heldu den apirilaren 11n, hori baita ANAPAR identifikatzen duen kolorea.
- Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna (apirilaren 8a) eta Nafarroako Ijito Herriaren Eguna (apirilaren 27a) aintzatesten eta oroitzen baititu. Lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1.- Nafarroako Parlamentuak Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna (apirilaren 8a) eta Nafarroako Ijito Herriaren Eguna (apirilaren 27a) aintzatesten eta oroitzen ditu, eta herri honek gure erkidegoari egindako ekarpen esanguratsuak eta historia nabarmentzen ditu.
2.- Ijito-aurkakotasunaren kontrako borrokan erabat konprometituta dagoela adierazten du, eta erakunde guztiak premiatzen ditu gehiago ahalegindu daitezen Ijitoen Herriak pairatzen duen egiturazko diskriminazioa amaiarazteko.
3.- Uste du funtsezkoa dela Ijitoen Herriak politika publikoetan modu aktiboan parte har dezan, eta, hartara, haren parte-hartzea sustatzera konprometitzen da; horretarako, ijitoen eskubideen defentsako erakunde sozialak aintzat hartuko ditu, ezinbesteko lana egiten baitute Ijitoen Herriaren errekonozimenduari eta ikusgarritasunari begira.
4.- Erakunde publikoak premiatzen ditu sentsibilizazio- eta hezkuntza-kanpainak susta ditzaten, Ijitoen Herriaren historia eta kultura eta Nafarroari egindako ekarpen baliotsua ezagutarazteko, bai eta haien errekonozimendu sozial eta instituzionala ahalbidetzen duten ekintzak susta ditzaten ere, errekonozimenduaren, egiaren eta erreparazioaren bidean (arrazakeriaren kontrako gure legean hala jasotzen baita).
5.- Adierazten du erakunde guztiek lehentasunezko helburu gisa hartu behar dutela osasunaren, hezkuntzaren, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetan eragina duten desberdinkeriak murriztea, arreta berezia jarrita haur-gazteengan eta emakume ijitoengan.
6.- Uste du Nafarroako ijitoen erkidegoari zuzendutako politika orokorrak eta berariazkoak gauzatu behar direla, Europako erakundeen eta Ijitoen Berdintasun, Inklusio eta Parte-hartzerako 2021-2030 Estrategia Nazionalaren gomendioei jarraituz.
7.- Herritar guztiei dei egiten die Ijitoen Kulturaren Hilabetearekin lotuta antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartzera.