Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Maiatzak 31

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du 'Saharako herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin'

Ganberak Kontuen Ganbera babesten du kudeaketa publikoaren kontrolerako erakusgarri eta erreferente den aldetik eta “Zuhaitz bat, Europaren alde” ekimenarekin bat egiten du

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesten baitu Equipo Europa gazteen elkarte europazale eta apartidistaren “Zuhaitz bat, Europaren alde” ekimena. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak aho batez adierazten du Equipo Europa gazteen elkarte europazale eta apartidistaren “Zuhaitz bat, Europaren alde” ekimena babesten duela, eta honakoak egiteko konpromisoa hartzen du:

 

1. #ZuhaitzbatEuroparenalde ekimenarekin bat egitea sustatzea Nafarroako udalen artean.

 

2. Jasangarritasunari buruzko kontzientzia soziala areagotzea toki esparruan.

 

3. Gazteek tokiko jasangarritasuna lortzeko duten funtsezko zeregina aitortzea.

 

4. #ZuhaitzbatEuroparenalde ekimena sustatzea Parlamentuaren komunikazio instituzionalean, webgunean eta sare sozialetan.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Saharako herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin, 45 urte baino gehiago baitarama bake bila. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bere osotasunean bat egiten du Saharako herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin, 45 urte baino gehiago baitarama bake bila.

 

Nafarroako Parlamentua, zeina erakunde ezaguna baita saharar herriaren eta Aljerian errefuxiatuta dauden biztanleen defentsarekiko konpromiso iraunkorragatik, erabat atxikitzen zaio ekimenari, eta pertsonei nahiz kolektiboei dei egiten die horrekin bat egin dezaten.

 

Nafarroako Parlamentuak ekimen horretan aukera bat dakusa saharar herriaren egoera ikusarazteko, Marokok Mendebaldeko Saharan egindako okupazioa gaitzesteko, lurralde horretako natur baliabideen espoliazioa salatzeko eta Nazio Batuei nahiz nazioarteko gainerako eragileei exigitzeko deskolonizazio-prozesuaren burutzean erabakitasunez esku har dezaten.

 

Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Espainiak, Lurraldeko potentzia administratzaile gisa, orain de iure, bere gain hartu zuela Nazioarteko Komunitatearen aitzinean "saharar populazioaren interesak babestea eta haren erakunde politikoak garatzea, hura Gobernu propioaren osotasunera eramateko.

 

Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Marokok ilegalki okupatzen duela Mendebaldeko Sahara, eta ez zaiola lurralde horren gaineko inolako subiranotasunik aitortzen.

 

Nafarroako Parlamentuak erabateko konbentzimendua dauka Mendebaldeko Saharako auziak bere horretan dirauela sahararrei beren askatasun eta autodeterminaziorako eskubide zilegiak ukatzen zaizkielako.

 

Nafarroako Parlamentuak bere indar guztiarekin gaitzesten ditu Marokoko Erresumak saharar populazioaren aurka oro har, eta giza eskubideen defendatzaileen aurka zehazki, Sahara okupatuan eginiko errepresio-egintzak, bizileku-bortxaketak, bizileku-setioak, eraso fisikoak, torturak, larderiak eta derrigortze fisikoak.

 

Nafarroako Parlamentuak kezkarik handiena adierazten du beren askatasunerako eskubide zilegiak erreibindikatzen dituzten sahararren desagerpenen eta kartzelaratze bidegabeengatik, eta saharar preso guztiak berehala askatzea eskatzen du.

 

Nafarroako Parlamentuak ez du inolako justifikaziorik ikusten Marokok Mendebaldeko Saharan gauzatzen dituen errepresio-egintzen inguruan daukan zigorgabetasunerako.

 

Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Mendebaldeko Saharako egoera gertutik jarraitzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baitu Kontuen Ganbera, ehunka urte dituen erakundea den aldetik eta kudeaketa publikoaren kontrolerako erakusgarri eta erreferente den aldetik, honako taldeek aurkeztua: PSN, Geroa Bai eta Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du Kontuen Ganbera, Nafarroako herritarrek berezkoa sentitzen baitute ehunka urte dituen erakunde hori, kontu eta kudeaketa publikoak kontrolatzeko erakundeen sorrerari begira erakusgarri eta erreferentea dena.

 

2. Nafarroako Parlamentuak espresuki aitortzen du Nafarroako Kontuen Ganberak egindako lana, herritarrei kontrol politikoa eta segurtasun juridikoa eskaintzeko balio izan duena.

 

3. Nafarroako Parlamentuak errespeturik erabatekoena adierazten die haren lanari eta jarduketei”.