Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Apirilak 26

Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du amiantoa kentzeko ekintza-planen garapenean aurrerapausoak ematen segitzea

Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearekin bat egiten du Legebiltzarrak

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearekin bat egiten du. Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearekin bat egiten du, eta bere egiten du “#MilaMilioiAhots” goiburua.

 

2. Konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, hezkuntzarako aurrekontuaren igoerak ziurtatzeko, pertsona eta talde ahulenentzako lehentasunarekin.

 

3. Konpromisoa hartzen du bere eskumenen esparruan jarduteko, gutxien garaturiko herrialdeen zorra arintzea xede, hezkuntza bezalako oinarrizko zerbitzu publikoetan inbertitzeko neurri pizgarriak barne harturik.

 

4.- Konpromisoa hartzen du sustatzen jarraitzeko Nafarroak garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko solidaritatearen alorretan darabilen politika, herrialde txirotuetako komunitateetan giza garapena aldezte aldera eta larrialdi humanitarioko egoeren ondoriozko efektuak arintzen laguntze aldera, hala nola Covid-19aren pandemiaren ondoriozkoak, bai eta Nafarroan herritartasun globalerako sentsibilizazioko eta hezkuntza eraldatzaileko urratsak egiteko. Hori guztia, komunikazio- eta partaidetza-bideak mantenduz Parlamentuaren eta garapenerako lankidetzan nahiz nazioarteko solidaritate-zereginetan Nafarroan etengabeko lanean diharduten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, kolektiboen eta erakundeen artean.

 

5.- Konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, lanean aritzeko garapen jasangarrirako helburuen 2030 Agendako helburuak lortzearren; oso bereziki, hezkuntza-helburuak, talde politiko guztiek berriki sinaturiko Txirotasunaren aurkako Hitzarmenak jasotzen duen bezala.

 

6.- Konpromisoa hartzen du behar bezala artatzeko irakasletza-lanbidea. Irakaslerik gabe, Espainian ez legoke modurik kalitatezkoa, ekitatezkoa eta inklusiboa den hezkuntza bat lortzeko.

 

7.- Eskertu egiten du hezkuntza-komunitate osoak eginiko ahalegina, krisi sanitario honek nafar ikasle guztiei ekarritako hezkuntza-ondorioak arintzekoa."

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du amiantoa kentzeko ekintza-planen garapenean aurrerapausoak ematen segitzea. Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1.- Beharrezkotzat jotzen du amiantoa kentzeko ekintza-planen garapenean aurrerapausoak ematen segitzea.

 

2.- Oinarrizkotzat jotzen du gure Komunitatean amiantoaren eraginpean egondako langileen osasuna zaintzeko programei eustea.

 

3.- Adierazten du aldeztu egiten duela estatu-mailan funts bat sortzea, amiantoaren biktimei konpentsazioak ematekoa.

 

4.- Aintzatetsi egiten du amiantoaren biktimen Nafarroako elkarteen ezinbesteko lana, hala nola ANANAR eta ADAVANena.

 

5.- Bere babesa adierazten die amiantoaren ondoriozko minbizien biktima diren guztiei, bai eta haien familiei eta lagunei ere, eta konpromisoa hartzen du haien interes zilegien alde jarduteko.

 

6.- Bere fatxada kolore grisez argituko du 2021eko apirilaren 30ean, Amiantoaren biktimen Eguna ospatzen dela-eta.