Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urtarrilak 18

Nafarroako Parlamentuak bere babesa berresten dio Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, eta premiatzen du Nafarroaren toki-autonomia sustatzen eta defendatzen jarrai dezan

Udalerrien eta kontzejuen batasuna indartzen duen erakundearen helburuak indarrean daudela azpimarratzen da, interes eta helburu partekatuen harreman batean oinarrituta

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin eta Voxen aurkakoarekin, zeinaren bidez Ganberak “berretsi egiten baitu Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren 1982an sortu zenetik aurrera eramaten duen lana, toki-autonomia sustatu eta aldeztekoa”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean ezartzen duenez, Nafarroako Parlamentuak aitortzen du “Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa dela, gaur egun, Nafarroako toki-entitateen multzoaren ordezkaritza Nafarroako Gobernuaren, Parlamentuaren beraren eta ehundura sozial eta ekonomikoaren aurrean zilegitasunez obratzeko”. UPN eta PPN abstenitu egin dira atal honetan eta Voxek aurkako botoa mantendu du. 

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak azpimarratzen du udalerrien eta kontzejuen batasuna indartzen duen erakundearen helburuak “indarrean daudela zeharo”, "interes eta helburu partekatuen" harreman batean oinarrituta, bai tokiko autonomiari bai zerbitzu publikoen hobekuntzari dagokionez, “beti ere herritarren ongizatea lehenetsiz".



Zentzu horretan, eta NUKFk Nafarroako toki entitateen interesen ordezkaritza egituratzeko orduan duen balio ukaezina berretsi ondoren, bere erabaki garrantzitsuenen gehiengoarekin batera doan "adostasuna" nabarmentzen da, "interes alderdikoiak baino gehiago osotasunaren ikuspegia lehenesten duen seinale argia".