Nafarroako Parlamentuak bere doluminak helarazten ditu, Javier Gomara, II. Legegintzaldian Lehendakari eta UPN-ren lehen arduraduna izan zenaren zendu izanagatik
Nafarroako Parlamentuak bere doluminak helarazten ditu, Javier Gómara Granada, II. Legegintzaldian Lehendakari eta UPN-ren lehen arduraduna izan zenaren zendu izanagatik.
Gómarak ere Parlamentariaren akta lortu zuen Foru Parlamentuan (1979-83) eta III. Legegintzaldian.
Javier Gomararen hileta astelehenean izanen da, hilaren 14an, 18:00etan, San Miguel parrokian. Haren oroimenean, Nafarroako Parlamentuak minutu bateko isilunea gordeko du hurrengo osoko bilkuran, ostegunean, hilak 17, 09:15ean.
Mahaiaren 1991ko uztailaren 4ko erabakiaren bidez, Javier Gomarak Nafarroako Parlamentuko Domina jaso zuen.
JAVIER GÓMARA GRANADA
Abokatua, UPN 1979an sortu ondoren haren lehenbiziko presidentea, eta diputatua 1986ra arte, Javier Gómara Granadak (Etxarri Aranatz,1927) Iruñeko Udalean egin zituen lehen urratsak, eta ez zen politikagintza aktibora itzuli harik eta Nafarroako eskuina trantsizioko jokaleku berrian bere toki politikoa defi nitzeko egituratzen hasi zen arte.
1975ean Causa Ciudadana (1976) taldearen fundazioan parte hartu zuen, Partido Socialdemócrata Foral de Navarra alderdiaren hazia. Sigla horrek eutsi zion UCDri, Konstituzioan Laugarren Xedapen Iragankorra gehitzeak Nafarroako eremu esklusiboko alderdi baten sorrerarako bide eman zuen arte.
Nafarroa EAEko autonomia aurretiko dekretuan sartzea, Euskadirekin bat egiteko erreferenduma bost urtean behin egin ahal izatea eta Konstituzioak handik irteteko mekanismorik ez aurreikustea onartu ez zelako sortu zen UPN. Gómararen arabera, horrek frogatzen du “ez zutela Nafarroa errespetatu eta parlamentari nafarren gainetik UCD-PSOE-PNV itun bat egon zela, Nafarroari kalte egiten ziona”.
UPNko behin-behineko presidente hautatu zuten alderdia aurkezteko ekitaldian, 1979ko urtarrilaren 21ean, eta Foru Parlamenturako hauteskundeetan parte hartu zuen Iruñetik,
zazpi kidez (merindade bakoitzean gehien bozkatutako zerrendetako lehenak) osatutako azken Foru Aldundian postu bat lortzeko. UPN hiriburuko laugarren indar bozkatuena izan zen, eta horrek Legebiltzarrean jarleku bat bermatu zion.
UPNren lehen biltzarrean buru izan zen 1981ean, Navarra Unida leloaren pean. Han berriz hautatu zuten presidente, eta 1985ean bigarren biltzarra egin zen arte iraun zuen karguan. UPNk haren zuzendaritzapean sinatu zuen AP eta PDPrekiko lehenbiziko ituna 1982ko hauteskunde orokorretan zerrenda bakarrean aurkezteko. Hauteskunde haietan Gorteetako diputatu akta eskuratu zuen UPNren zerrendan bigarren aurkeztuta, Jesús Aizpunen atzean. 1987an toki politikara itzuli zen foru parlamentari gisa, bi legegintzalditan. Bere lehen etapan (1987-1991)
Legebiltzarreko Lehendakaria izan zen. Hiru bozketa egin behar izan ziren bera izendatzeko, eta azkenean, 19na botoko berdinketa zegoenez Pablo García Tellechea zentristarekin, zaharragoa izateak automatikoki eman zion kargua. Alianza Popular eta Unión Demócrata Foral (PDP-PL) alderdiek babestu zuten Javier Gómararen hautagaitza –abokatua, UPN 1979an sortu ondoren alderdiaren lehenbiziko presidentea eta 1986ra arte diputatua hura–. Sozialistek CDSren hautagaitza babestu zuten, eta Eusko Alkartasunak, Euskadiko Ezkerrak eta HBk boto zuria eman zuten.