Nafarroako Parlamentuak bere doluminak helarazten ditu, Javier Gómara, II. Legegintzaldian lehendakari eta 1979-82 eta 1991-94 bitartean parlamentari izan zena zendu izanagatik
Legebiltzarrak Nafarroaren defentsarako eta aurrerabiderako egin zuen ekarpena aitortu eta eskertzen du eta minutu bateko isilunea gordeko du ostegun honetarako aurreikusten den osoko bilkuraren hasieran
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jakin du Javier Gómara Granada zendu egin dela, II. legegintzaldian (1987-91) Parlamentuko lehendakari eta Foru Parlamentuaren legegintzaldian (1979-83) eta III. legegintzaldian (1991-1994) foru parlamentari izandakoa, eta erabaki du bere dolumina eta maitasuna adierazi eta helaraztea haren seme-alabei, anaia-arrebei eta gainontzeko familiartekoei.
Gainera, aditzera ematen da “Parlamentuaren aitortza eta esker ona, erakunde honetako lehendakari eta parlamentari gisa egindako lanagatik, eginkizun horietan guztietan, Legebiltzarreko Erregelamenduak emandako eskudantziak erabiliz, ahaleginarekin eta ardurarekin lagundu zuen Nafarroaren defentsan eta aurrerabidean, bai eta haren garapenean ere”.
Bere oroimenean ostegun honetarako aurreikusten den osoko bilkuraren hasieran minutu bateko isilunea gordeko du Nafarroako Parlamentuak, 09:15ean.
Mahaiaren 1991ko uztailaren 4ko erabakiaren bidez, Javier Gómarak Nafarroako Parlamentuaren Domina jaso zuen urte hartako uztailaren 5ean.
JAVIER GÓMARA GRANADA
Abokatua, UPN 1979an sortu ondoren haren lehenbiziko presidentea, eta diputatua 1986ra arte, Javier Gómara Granadak (Etxarri Aranatz,1927) Iruñeko Udalean egin zituen lehen urratsak, eta ez zen politikagintza aktibora itzuli harik eta Nafarroako eskuina trantsizioko jokaleku berrian bere toki politikoa defi nitzeko egituratzen hasi zen arte.
1975ean Causa Ciudadana (1976) taldearen fundazioan parte hartu zuen, Partido Socialdemócrata Foral de Navarra alderdiaren hazia. Sigla horrek eutsi zion UCDri, Konstituzioan Laugarren Xedapen Iragankorra gehitzeak Nafarroako eremu esklusiboko alderdi baten sorrerarako bide eman zuen arte.
Nafarroa EAEko autonomia aurretiko dekretuan sartzea, Euskadirekin bat egiteko erreferenduma bost urtean behin egin ahal izatea eta Konstituzioak handik irteteko mekanismorik ez aurreikustea onartu ez zelako sortu zen UPN. Gómararen arabera, horrek frogatzen du “ez zutela Nafarroa errespetatu eta parlamentari nafarren gainetik UCD-PSOE-PNV itun bat egon zela, Nafarroari kalte egiten ziona”.
UPNko behin-behineko presidente hautatu zuten alderdia aurkezteko ekitaldian, 1979ko urtarrilaren 21ean, eta Foru Parlamenturako hauteskundeetan parte hartu zuen Iruñetik, zazpi kidez (merindade bakoitzean gehien bozkatutako zerrendetako lehenak) osatutako azken Foru Aldundian postu bat lortzeko. UPN hiriburuko laugarren indar bozkatuena izan zen, eta horrek Legebiltzarrean jarleku bat bermatu zion.
UPNren lehen biltzarrean buru izan zen 1981ean, Navarra Unida leloaren pean. Han berriz hautatu zuten presidente, eta 1985ean bigarren biltzarra egin zen arte iraun zuen karguan. UPNk haren zuzendaritzapean sinatu zuen AP eta PDPrekiko lehenbiziko ituna 1982ko hauteskunde orokorretan zerrenda bakarrean aurkezteko. Hauteskunde haietan Gorteetako diputatu akta eskuratu zuen UPNren zerrendan bigarren aurkeztuta, Jesús Aizpunen atzean. 1987an toki politikara itzuli zen foru parlamentari gisa, bi legegintzalditan. Bere lehen etapan (1987-1991)
Legebiltzarreko Lehendakaria izan zen. Hiru bozketa egin behar izan ziren bera izendatzeko, eta azkenean, 19na botoko berdinketa zegoenez Pablo García Tellechea zentristarekin, zaharragoa izateak automatikoki eman zion kargua. Alianza Popular eta Unión Demócrata Foral (PDP-PL) alderdiek babestu zuten Javier Gómararen hautagaitza –abokatua, UPN 1979an sortu ondoren alderdiaren lehenbiziko presidentea eta 1986ra arte diputatua hura–. Sozialistek CDSren hautagaitza babestu zuten, eta Eusko Alkartasunak, Euskadiko Ezkerrak eta HBk boto zuria eman zuten.