Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Fibrosi Kistikoa duten pertsona guztiei
Gaixotasun honen Munduko Egunaren karietara onetsitako adierazpen instituzionalaren irakurketarekin eman dio hasiera Inma Jurío lehen Lehendakariordeak osoko bilkurari
Inma Jurío Nafarroako Parlamentuko lehen Lehendakariordeak, irailaren 8an ospatutako Fibrosi Kistikoaren Munduko Egunaren karietara onetsitako adierazpen instituzionalaren irakurketarekin eman dio hasiera kontrolerako osoko bilkurari.
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak pasa den astelehenean, urriaren 5ean aho batez onetsi zuen aipatu adierazpena, eta gaurko osoko bilkuran irakur zedin adostu zuten.
Onetsitako adierazpen instituzionalak hala dio:
“Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Elkarteak (Cystic Fibrosis Worldwide, CFWW), Fibrosi Kistikoaren Espainiako Fundazioarekin batera, gaixotasun horren munduko eguna irailaren 8an ospatzea bultzatzen du. Nafarroako Parlamentuak, Fibrosi Kistikoaren Munduko Egunaren karietara, bere elkartasuna adierazten die gaixotasun hori duten pertsona guztiei eta pertsona horiek bizimodu ahalik eta normalena egiteko dituzten arreta-beharrizanekiko konpromisoa adierazten du.
Horrekin lotuta, Parlamentuak babesten du beharrezkoak diren neurriak abian jartzea pertsona horiek behar dituzten medikazioa eskura dezaten eta diziplina anitzeko unitateak sortu eta onets daitezen, kolektibo horri ematen zaion arreta hobetzen laguntzeko.
Halaber, Nafarroako Parlamentuak aitorpena eta babesa adierazten du gaixotasun arraro eta kronikoak dituzten eta bereziki fibrosi kistikoa duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko botika berriak aurkitzeko ikerketak direla eta”.