Nafarroako Parlamentuak bere funts bibliografikoan jaso du La Gran Historia de Navarra 1632 izenburuko liburuaren ale bat
Unai Hualdek azpimarratu du Silosko monasteriotik erreskatatutako lan argitarabe horren balio historikoa eta eskertu du Mintzoa argitaletxeak hura berreskuratzeko eta zabaltzeko egindako lana
Nafarroako Parlamentuak bere funts bibliografikorako azken erosketa aurkeztu du gaur. La Gran Historia de Navarra, año 1632 liburukiaren facsimile bat da. Pedro Agramont y Zaldíbar XVI. mendeko Tuterako notario eta historialariak idatzi zuen eta Mintzoa argitaletxeak argitaratu du.
Argitalpen mugatua da, 200 alekoa, izenduna eta notarioak kautotua, eta 1.500 gorako orrialdetan biltzen du “ezagutzen dugun Nafarroaren lehenbiziko historia osoa, eta duen garrantziaren gakoa da Gaztelaren aldetik konkista izan eta urte gutxitara idatzi zela. Parlamenturako bi liburuki enkargatu dira, eskuizkribuaren facsimilea eta transkripzio osoa gaztelania zaharrean”, zehaztu du Unai Hualdek.
Lehendakariak bukatu du argitaletxeari eskerrak emanez “testuak berreskuratu eta zabaltzeko lan horregatik, emaitza ikusita, lan artistikoa izatera iristen dena. Gure betebeharra da hori bezalako lan bat edukitzea Parlamentuan. Gure funts kulturala handitzen eta sektorearen lana aitortzen jarraitzen dugu. Egiteke dugu herritarrei ezagutaraztea Legebiltzarraren liburutegia, pandemiak galarazi baitigu. Une ona da kultura oparitzeko”.
Mintzoa argitaletxearen aldetik Aritz Otazuk azaldu duenez, obra hori “ez zen inoiz argitaratu. Eskuizkribua Silosko monasterioan aurkitu genuen eta handik ateratzea lortu genuen eta argitalpen esklusiboa egin genuen. Nafarroa ez da edozer, erresuma bat da, mila urtetik gorako historia guztiz zabala duena, 1512an eteten dena. Ezagutzera eman behar dugu, Agramont egile ezezaguna izan arren, balio handikoa delako. Aurrekontua eduki behar dugu benetako kulturarako. Ohorea da hau bezalako lan garrantzitsua gordetzea nafarren subiranotasunaren egoitzan”.
Ekitaldia erakunde-aretoan izan da, 10:00etan, eta parte hartu dute, besteak beste, lehen lehendakariorde Inma Juríok, bigarren idazkari Maiorga Ramírezek, Geroa Baiko parlamentari Maria Solanak eta Parlamentuko artxibozain Javier Fortúnek