Nafarroako Parlamentuak bere gaitzespena adierazten du Osasunako jokalari baten aurkako jokabide sexista dela-eta
Legebiltzarrak Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin bat egiten du eta ostegun honetan ekitaldi instituzional bat eginen du Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna dela eta
-Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baitu Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta SARAYk abian jarri duen kanpaina. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:
1. SARAY elkarteak abian jarritako elkartasun kanpaina babestea eta Nafarroako herritarrei bertan parte har dezaten dei egitea.
2. Parlamentuaren egoitzan ekitaldi instituzional bat egitea heldu den asteartean, urriaren 19an, 12:00etan, SARAY elkartearekin batera.
3. Urriaren 19an arrosa kolorez argiztatzea Parlamentuaren egoitzako fatxada”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bat egiten du Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Hartara, heldu den urriaren 14an ekitaldi bat eginen du, Parlamentuko atalondoan, 12:00etan, Gizarte Entitateen Plataformarekin.
2. Berretsi egiten du Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Itunean pobreziaren eta desberdinkeriaren aurka sinatutako konpromisoa.
3. Itun horren jarraipena egiteko eta ituna betetzeko urratsak egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
4. Uste du funtsezkoa dela pandemiatik heldu diren erronka global berriei aurre egitea, desberdinkeriak areagotu egin baitira gure gizartean eta are gehiago herrialde txirotuetan.
5. Olana paratuko du bere fatxadan urriaren 13tik 18ra bitarte, Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere jarrera zehazten baitu Osasunako jokalari baten aurkako jokabide sexista dela-eta. Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Karolina Sarasuak gertakariak salatzean izandako jokabide ausartaren alde agertu diren ahots guztiekin.
2. Nafarroako Parlamentuak Osasunako jokalariak pairatutako irain eta mehatxuak arbuiatzen ditu.
3. Nafarroako Parlamentuak emakume kirolariei eskertu egin nahi die belaunaldi gazteenei ematen dieten etsenplua, eta kirolean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko konpromisoa azpimarratzen du”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat, xede zuena Nafarroako Parlamentuak errefusatzea PSOEren Sevillako federazioak egindako adierazpenak, zeinetan esaten baitzuen Nafarroa erkidego aberats eta intsolidarioa dela. Navarra Sumak aurkeztu du proposamena.
Baztertutako adierazpenak honako hau zioen:
“Nafarroako Parlamentuak:
1.- Errefusatu egiten ditu Nafarroari buruz esandakoak, Espainiako Konstituzioak onartutako araubide berekia duen foru erkidego baten errealitatearekiko bidegabeak eta ezjakinak izateagatik.
2.- Berretsi egiten du Nafarroaren Foru Araubidearekiko errekonozimendua eta errespetua, Espainiako gainontzeko herrialdeekiko erabateko leialtasunez baliatzen baita.
3.- Andaluziako PSOEri exijitzen dio Nafarroari buruzko adierazpen iraingarri horiek erretira ditzan eta, bidenabar, foru erkidegoaren errealitate instituzionala urratzen duten agiriak onesteari uko egin diezaion.
4.- PSOEren ordezkari gorena den aldetik, Pedro Sánchezi eskatzen dio foru erkidegoa erdeinatzen duten adierazpen horiek gaitzets ditzan eta beren dokumentu politikoetatik ezaba ditzan, Nafarroaren errealitatearekiko nahiz batasun konstituzionalari egindako ekarpenarekiko laido bidegabea izateagatik.
5.- Nafarroako Gobernuko lehendakaria premiatzen du Nafarroako erakundeen osotasuna nahiz nafarrek Espainia osoarekiko erakutsitako elkartasuna eta leialtasuna aldeztu ditzan eta, ondorioz, horiek bezalako baieztapen desegokiak berehala zuzentzea exiji dezan”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat, xede zuena Nafarroako Parlamentuak errefusatzea Europako Parlamentuko Aurrekontu Batzordearen proposamen bat –aurrekontutik 20 milioi euro gordetzea UNRWArentzat–, bidegabea eta intsolidarioa izateagatik. PSNk, Geroa Bai, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.
Baztertutako adierazpenak honako hau zioen:
"1. Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du Europako Parlamentuko Aurrekontu Batzordearen proposamena –aurrekontutik 20 milioi euro gordetzea UNRWArentzat–, bere ustez delako:
Ilogikoa: UNRWA NBEren agentzia humanitarioa da, Ekialde Hurbilean lekualdatutako errefuxiatu zaurgarrien beharrizanez arduratzen dena. Ez da Palestinar Agintearen ikasketa-planen arduraduna, ez du testulibururik egiten eta ezin du testulibururik aldatu. UNRWA ez du zertan azalpenik eman bere ardurapekoa ez den eduki problematiko bati buruz.
Bidegabea. UNRWA etengabe lanean ari da ziurtatze aldera bere hezkuntza-eskaintza NBEren balioekin bat datorrela; Agentziak berrikusi egiten ditu herrialde anfitrioiek ekoitzitako testuliburu guztiak, eduki problematikoa aztertzen du ziurtatzearren bere eskolan ez zaiela tokirik uzten antsemitismoari, gorrotoari edo indarkeriaren hauspotzeari, eta sarean argitaratu ditu autoikaskuntzako material guztiak. Nazioartean onartutako ebaluatzaile neutralen arabera (horien artean, Munduko Bankua, ACNUR, MOPAN eta British Council), txalogarriak dira UNRWAren eskoletako irakaskuntza eta ikasleek eskolan lortutako emaitza.
Arriskutsua: UNRWA ia-ia osorik finantzatzen da borondatezko ekarpenei esker, eta finantza-zailtasunak edukitzen jarraitzen du, beharrizanak gero eta handiagoak direlako. 20 milioi euroko erreserba Europar Batasunak Agentziari urtero egiten dion oinarrizko ekarpenaren laurdena izanen litzateke; horrek arrisku larrian jarriko luke egin beharrekoa egiteko bere ahalmena, eta eskualdearen egonkortasunari begira mehatxu larria izanen litzateke.
Zaurgarrienendako kaltegarria: UNRWA palestinar errefuxiatuei laguntzen die Libanon, Sirian, Jordanian, Gazan eta Zisjordanian, oinarrizko osasun laguntza, gizarte zerbitzuak nahiz bizitzak salbatzeko laguntza emanez. EBren ekarpenei esker, laguntza zuzena eman diezaieke Gazako zerrendan oraintsu izandako borrokek kaltetutako errefuxiatuen familiei. Erreserbak ez luke testuliburuei dagokienez aldaketarik eraginen, eta kalte besterik ez lieke eginen Ekialde Hurbileko errefuxiatu zaurgarrienetakoak diren horiei.
2. Nafarroako Parlamentuak beste behin aitortzen du UNRWAk egindako lan eskerga, Palestinako errefuxiatuei laguntza eta babesa emateko Nazio Batuek emandako agindua betetzean”.