Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Apirilak 29

Nafarroako Parlamentuak bere gertutasuna eta konpromisoa helarazi nahi dizkie nafarrei, COVID-19 birusaren pandemia globalak eragindako giza, osasun, gizarte nahiz ekonomia krisia bizi dugun une honetan

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2020ko apirilaren 29an

- Eledunen Batzarrak aho batez adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere gertutasuna eta konpromisoa helarazi nahi baitizkie nafarrei, COVID-19 birusaren pandemia globalak eragindako giza, osasun, gizarte nahiz ekonomia krisia bizi dugun une honetan. Legebiltzarreko lehendakariak aurkeztu du.

 

Adierazpen instituzionala ostegun honetarako, hilak 30, aurreikusita dagoen Kontroleko Osoko Bilkuraren hasieran irakurriko da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak txera eta doluminak helarazi nahi dizkie, errespetu guzti-guztiaz, COVID-19 birusaren infekzioak eragindako nahiz okertutako prozesuen ondorioz hil diren pertsonen senitartekoei eta lagunei, atsekabe hori, sarritan, are larriagoa izan baita beren gertukoei ezin izan dietelako agurrik egin naturaltasunez.

 

Nafarroako Parlamentuak, halaber, berretsi egin nahi du pandemia honen aurka borrokatzen jarraitzeko konpromisoa; hartara, pandemia honek osasunaren, gizartearen nahiz ekonomiaren arloan eragin dituen ondorio suntsitzaileak arintzeko hartu beharreko ekintza parlamentario eta legegintza-neurri guztiak har daitezen sustatuko du, bidean inor ere gera ez dadin saiatzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak zinez eskertu nahi du sektore publiko nahiz pribatuko profesional guztien lan nekagaitz eta ausarta, lehen lerrotik lagundu baitute krisi honen ondorioen aurka borrokatzen: gaixoen osasuna zainduz, kolektibo ahulenekin lan eginez, hornidurak mantenduz, oinarrizko ondasunak eskura ahal izatea bermatuz eta herritarrak babestuz, besteak beste.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak goretsi egin nahi du nafarrek egindako ahalegin kolektiboa eta erakutsitako ardura zibikoa; izan ere, gizarteak duen hoberena erakutsi du modu boluntarioan eta desinteresatuan sortu diren elkartasun-erakustaldi eta -ekimenetan, bai eta arratsaldero, erantzun laudagarria emanez, txaloak jotzera atera denean ere.

 

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuak, Foru Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera, herritarrei dei egiten die hiru minutuko isilunea gorde dezaten igande honetan, maiatzak 3, eguerdiko 12etan, pandemia honen biktimen gomutan eta haien memoriari ohore egiteko".