Nafarroako Parlamentuak berretsi egin du indarkeria matxista desagerrarazteko neurriak bultzatzeko duen konpromisoa
Legebiltzarrak kontzentrazio batekin eta minutu bateko isilaldiarekin hasi du azkeneko bilkuraldia, eraildako azken emakumeen omenez
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du gaur, honako hau dioena: Nafarroako Parlamentuak guztiz arbuiatzen du indarkeria matxista, eta berretsi egiten du indarkeria-adierazpen ororen aurka lankidetzan aritzeko konpromisoa. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak guztiz arbuiatzen du indarkeria matxista, eta berretsi egiten du indarkeria-adierazpen ororen aurka lankidetzan aritzeko konpromisoa.
2. Nafarroako Parlamentuak behar-beharrezkotzat jotzen du berdintasuna xede duen hezkidetza gauzatzen jarraitzea, berdintasuna ardatz duen gizarte bat lortze aldera.
3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du indarkeria matxista desagerraraztea xede duten neurriak babesteko eta bultzatzeko duen konpromisoa.
4. Nafarroako Parlamentuari premiazkoa iruditzen zaio koordinazioa sendotzea biktimen eta haien senideen arretan egiten diren ahaleginetan eta emakumeen eta nesken aurkako indarkeria desagerrarazteko tresna eraginkorren sustapenean. Gobernuak, Parlamentu honek eta toki-entitateek sendotu egin behar ditugu sentsibilizazio-ekintzak, xede dutenak herritar guztiei indarkeria matxistaren errealitatea ezagutaraztea, hura sorraraz dezaketen egoerak prebenitzea eta horien agerpenetan esku hartzea, indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko bidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
Testuinguru horretan, eta azken hilketen harira, foru-parlamentariak Nafarroako Parlamentuaren sarreran elkarretaratu dira gaur, azken egunotan eragindako erailketa matxistak arbuiatzeko.
Elkarretaratuek minutu bateko isilaldia egin dute eraildako emakumeen omenez: 32 urteko emakume bat Asturiasen eta 45 urteko beste bat Plasencian abenduaren 22an, 44 urteko beste emakume bat Sorian hil zuten hilaren 25ean, 88 urteko emakume bat Bartzelonan hilaren 26an, beste bat Bilbon hilaren 27an eta bi Toledon eta Madrilen abenduaren 28an.
Halaber, igande honetan, urtarrilaren 8an, ustezko genero-indarkeriagatiko 3 hilketa zenbatu ziren Tenerifen, Cadizen eta Ciudad Realen, hiru kasuak ikertzen ari dira oraindik.
2022an, bikotekideak edo bikotekide-ohiak eraildako emakumeen kopurua 49koa izan da, eta 1.182koa 2003an estatistikak egiten hasi zirenetik. Espainian, genero-indarkeriagatik eraildako adingabeen kopurua 2koa izan da 2022an, eta 48koa 2013az geroztik.