Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Irailak 7

Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu 1978ko Sanferminetako gertakariak direla-eta 2017an eta 2019an hartutako erabakiak

Legebiltzarrak nabarmendu du erabaki horiek indarrean daudela, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio dokumentazio ofizial guztia desklasifika dezan eta Sekretu Ofizialei buruzko Legea indargabetu dezan

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur –PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta Navarra Sumak, berriz, aurkakoa–, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak “berretsi egin baititu 1978ko Sanferminetako gertakariak direla-eta lehenago hartutako erabakiak”.

 

Erabaki horiek honako hauek dira:  2017ko azaroaren 27ko erabakia, zeinaren bidez Gobernu zentralari eskatzen baitzaio desklasifika dezan 1978ko Sanferminetan Iruñean izandako gertakariak direla-eta Barne Ministerioan, Defentsa Ministerioan nahiz bestelako edozein administrazio-instantzia ofizialetan dagoen dokumentazio guztia.

 

Eta 2019ko martxoaren 15eko erabakia, zeinaren bidez babesa ematen baitzaio 1978ko Sanferminetan Iruñean izandako gertakariak direla-eta Germán Rodríguezen senitartekoek, poliziak balaz zauritu eta lesionatutako zenbait pertsonak, Iruñeko Peñen Federazioak eta Sanfermines-78: gogoan! elkarteak jarritako kereilari.

 

Onetsitako erabakiak beste puntu bat ere jaso du; horren bidez, Legebiltzarrak “Sekretu Ofizialei buruzko 1968ko Lege frankista, oraindik ere indarrean dagoena, premiaz indargabetzearen edo, kasua bada, nabarmen aldatzearen aldeko apustua egiten du, eta onesten den araudi berria egungo sistema demokratikoaren araberako printzipioetan oinarritu dadila eskatzen du”. Apartatu hori, zeinari PSNk zuzenketa bat aurkeztu baitio, aho batez onetsi da.

 

Halaber, hirugarren apartatuan, Nafarroako Parlamentuak Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legea garatu ahal izateko beharrezkoak diren jarduketak egitearen aldeko apustua egiten du, hartara errekonozimendua eta erreparazioa ematen ahalko baitzaizkie giza eskubideak urratu zaizkiela-eta biktima direla deklaratzen diren pertsona guztiei”. Epigrafe hori PSNk aurkeztu eta mozioa aurkeztu dutenek onartutako zuzenketa baten ondorioz gehitu da. Hori ere aho batez onetsi da.

 

Hasierako testuak beste bi puntu zeuzkan, baina ez dira onetsi, ekimena aurkeztu dutenek baino ez dituztelako babestu.

 

Horietako lehendabizikoan, Espainiako Gobernuari eskatzen zitzaion “bere erantzukizunaren aitortza publikoa egin dezan Iruñeko herritarren aitzinean oro har eta 1978ko Sanferminetan iruindarrek pairatu zuten polizia-jokabidearen biktima guztien aitzinean bereziki, jokabide haren ondorioz Germán Rodríguez hil baitzen, hainbat pertsona zauritu eta lesionatu baitziren eta hirian kalteak eragin baitziren”. Navarra Sumak aurka bozkatu du, eta PSN, berriz, abstenitu egin da.

 

Bigarrenean, Espainiako Gobernuari eskatzen zitzaion memoria demokratikoari buruzko legearen aurreproiektuan sar dadin frankismoaren krimenak (erailketak, desagerpenak, esklabo-lana, tratu txarrak eta torturak, espoliazioa, sexu-indarkeria, espetxea...) espresuki kalifikatzea gizateriaren aurkako krimen gisa, horien aurkako jardun judiziala ahalbidetze aldera. Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute.

 

Zioen azalpenean, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztutako mozioak bere egiten ditu San Fermines 78 Gogoan elkarteak iragan apirilaren 14an Parlamentuan egindako lan-bilkuran egindako hausnarketak; halatan, 2017an eta 2019an hartutako erabakiak gogora ekarrita, “1978ko sanferminetako gertakariak direla-eta –Germán Rodríguez balaz zauritu eta hil egin zen– egiarako eta justiziarako eskubidean aurrerabidea egiten jarraitu beharra” nabarmentzen da.

 

Bestalde, Memoria demokratikoari buruzko etorkizuneko legeari dagokionez, proposatzaileek orobat balioetsi dute “frankismoaren krimenen erreparazioa, justizia eta egia lortzearen arloetan zer hobetu daitekeen”.

 

Bilkuran, Geroa Baiko Jabi Arakama batzordeburu zela, honako hauek parte hartu dute:  Jorge Esparza, Iñaki Iriarte, Isabel Olave, Javier García, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío, Nuria Medina (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Laura Aznal, Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezquerra).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

Mozioa (86. NPAO, 2021-06-24koa)