Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 22

Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du irakaskuntza publikoa eta irakasle-lana indartzearen aldeko apustua

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko ekainaren 22an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du irakaskuntza publikoa eta irakasle-lana indartzearen aldeko apustua. Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek eta Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos Ahal Duguk aldeko botoa eman dute. PSNk eta I-Ek 1. puntuaren aldeko botoa eta 2. puntuaren kontrako botoa eman dute. Navarra Sumak 1. puntuaren aldeko botoa eman du eta abstenitu egin da 2. puntuan.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du irakaskuntza publikoa indartzearen aldeko apustua, zeina bereziki beharrezkoa baita pandemiatik heldu den testuinguru honetan, eta berretsi egiten du Nafarroako Gobernuari egin zion eskaria, Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunean ezarritakoa betetzen jarrai dezan eta, bereziki, Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Plana dela-eta aurkeztutako proposamenen eztabaidan ekainaren 10ean aho batez onetsi zena betez, 2020-2021 ikasturtean berma dezan 57 urtetik goitiko irakasleen lanaldia murriztea eta landa-eremuko eskoletan zuzendaritza-eginkizunetarako aurreikusitako ordu-kopurua handitzea. Horren guztiaren berri eman behar zaie sindikatuei itunaren jarraipena egiteko batzordean.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aurreko legegintzaldian hezkuntza itunduaren esparruan ezarritako negoziazio-esparrua berreskuratzearen aldeko apustua egiten du –irakasleen ordezkari diren sindikatuek parte hartzen dute bertan–, kontratazioaren arloko parte-hartzearen eta gardentasun handiagoaren nahiz baliabide publikoak erabiltzearen berme den aldetik. Hortaz, egun indarrean dagoen akordioa 2020ko abenduaren 31ra bitarte luzatzearen aldeko apustua egiten du, bitarte honetan patronalarekiko eta sindikatuekiko negoziazio errealerako prozesu bat abiaraz dadin”.