Nafarroako Parlamentuak bipil arbuiatzen eta errefusatzen du Lizarrako herrian IUN-NEBen lokal baten aurka egin den erasoa
Ganberak "zero tolerantzia"ko konpromisoa adierazi du politikan libreki jardutearen aurkako edozein erasoren aurrean, eta bazter utzi du Navarra Sumak Alberto Garzón ministroaren adierazpenak deitoratzeko aurkeztu duen proposamena
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bipil errefusatzen baitu erakunde politiko demokratikoei, haien egoitzei eta kideei zuzendutako indarkeriaren, larderiaren eta mehatxuen erabilera. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1.- Nafarroako Parlamentuak bipil errefusatzen du erakunde politiko demokratikoei, haien egoitzei eta kideei zuzendutako indarkeriaren, larderiaren eta mehatxuen erabilera; adierazten du "zero tolerantzia"ko konpromisoa duela pertsonek eta erakundeek politikan libreki jardutearen aurkako edozein erasoren aurrean; eta dei orokor bat egiten dio gizarteari, intolerantziaren eta bestelako pentsamoldea dutenenganako indarkeriaren aurkako fronte bateratua osa dezan.
2. Nafarroako Parlamentuak bipil arbuiatzen eta errefusatzen du Lizarrako herrian IUN-NEBen lokal baten aurka egin den erasoa, eta bere solidaritate eta aldekotasuna agertzen die herri horretako IUN-NEBen afiliatu eta zaleei".
- Eledunen Batzarrak bazter utzi du adierazpen instituzional baterako proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak deitoratu egiten baititu Alberto Garzón ministroaren adierazpenak, kalte konponezina egiten diotelako Nafarroak eta abeltzaintzaren eta okelaren sektoreak kanpoan duten irudiari. Navarra Sumak aurkeztu du proposamena.
PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute.
Adierazpen instituzionalerako proposamen baztertuak honako hau zioen:
“1. Nafarroako Parlamentuak deitoratu egiten ditu Alberto Garzón ministroaren adierazpenak, kalte konponezina egiten diotelako Nafarroak eta abeltzaintzaren eta okelaren sektoreak kanpoan duten irudiari.
2. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du Garzón ministroaren dimisioa edo hura kargutik kentzea.
3. Nafarroako Parlamentuak ofizialki jakinaraziko die adierazpen hau Espainiako Gobernuari eta Diputatuen Kongresuan ordezkatuta dauden talde parlamentarioei".