Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Abenduak 16

Nafarroako Parlamentuak Carlos Cánovasen argazki bat erosi du bere artelanen bildumarako

2020ko Nafarroako Kulturaren Vianako Printzea Saria jaso berri du egileak, eta bere lana Julia Álvarez aretoan jarriko da

Nafarroako Parlamentuak bere artelanen bildumarako egindako azken erosketa aurkeztu du gaur. Argazki bat da, berriki 2020ko Nafarroako Kulturaren Vianako Printzea Saria jaso duen Carlos Cánovas egilearena. Ikastolen Elkartearena zen artelana, eta 4.000 euro ordaindu zaizkio.

 

Arte Oinez 2020 erakusketaren parte izan zen argazkia, eta Zizur Nagusiko etxe baten hesia erakusten du. Carlos Cánovasen esanetan, “naturaren eta kulturaren arteko harremanaren ideia erakusten duen irudi konbentzionala da. Modu sotilean kontrolatutako natura, funtsezko funtziora iristeko balio dezakeena. Gaur egun lantzen ari naizen serie baten parte da. Nire lanean konstante bat dela esan daiteke. Eskertzen dut Legebiltzarraren interesa, hau da lan honen helmugarik onena”.

 

Unai Hualdek adierazi duenez, "ohore bat da artista nafarren lanak hemen izatea, are gehiago pandemiarekin lotutako krisi sozio-sanitarioaren ondorioz kultura egoera bereziki zailean dagoen garai honetan. Koadroak izatera ohituta gaude, baina kasu honetan argazkigintzaren aldeko apustua egin da. Julia Álvarez aretoan jarriko dute, jarduera ugari biltzen duen aretoan. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiogu Ikastolen Elkarteari Nafarroa Oinezen harira antolatutako erakusketengatik".

 

Areto instituzionalean ospatu da ekitaldia, eta bertan izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako ordezkariak.