Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Azaroak 9

Nafarroako Parlamentuak CEAR - Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordearen ‘En tierra de nadie’ erakusketa inauguratu du

Azaroaren 23ra arte ikusgai egongo den erakusketak migrazio ibilbide luzeei aurre egin behar dieten pertsonen egoera larriari buruz hausnartzeko gonbidapena luzatzen du

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, CEAR Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordearen En Tierra de Nadie erakusketa inauguratu du gaur, migrazio ibilbide luzeei aurre egin behar dieten pertsonen egoera larriari buruz hausnartzeko gonbidapena luzatzen duen erakusketa.

 

Lehendakariaren hitzetan, erakusketak “harrera gizarte gisa, ardurak gure gain hartzeko balio digu, ihes egitera behartuta egon direnekiko elkartasuna adieraztea baitagokigu. Errealitate horri aurpegia jartzean, bizitza galtzeko arriskuaren aurrean egotean uler ditzakegu egunero ikusten ditugun estatistika eta irudiak, bestela, errealitate hori ikusezin bihurtzeko arriskua dugu”.

 

CEARek mugetan, jatorrizko eta zirkulazio herrialdeetan egiten duen behatzaile lan aparta azpimarratu ostean, Ainhoa Aznárezek aipatu du egun “68 milioi pertsona direla euren etxeak utzi behar izan dituztenak bizitza salbatzeko. Ezin dugu drama hau normalizatu. Migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen defentsak jarrera aldakor bat behar du”.

 

Zentzu horretan, Lehendakariak Europaren “inhibizioa” aipatu du, “komunitate aurreratua, garapen lekzioak eskaintzen dituena, baina gizatasun falta handikoa, izan ere, harrera herrialde nagusiak ez dira Europar Batasunekoak, baizik eta Turkia, pakistan, Libano, Iran, Etiopia, Jordania, Kenia, Chad, Uganda eta Txina. Amerika ere ez da babes eta harrera politiken eredu. Benetako eredua CEARek islatzen du, 39 urte baitaramatza asilo eskubidea defendatzen”.

 

Lehendakariak amaitzeko CEARen inplikazioa nabarmendu du Enplegu eta Gizarte Segurtasun Ministerioak finantzatutako Harrera Programaren kudeaketan, Nafarroan 2016tik “babes eta laguntza” eskaintzen du, egun 80 pertsonari arreta eskaintzeko aukera du.

 

Jarraian, Idoia Oneca Munarrizek, Nafarroako CEAReko koordinatzaileak Parlamentuari eskerrak eman dizkio espazioa uzteagatik, “Europako harrera politikak salatzeko leku egokiena baita”, eta CEARek egun aurrera daramatzan ekintzak laburbildu ditu, batetik, gizarteratzea erraztea, eta bestetik, arauen aldaketa prozesu bat ahalbidetzea. “Ezin dugu mugak gehitzen eta jendea behartutako norakoetara bidaltzen jarraitu”.

 

Ondoren, Beatriz Ortegak, erakusketaren komisarioak, prozesu kreatiboaren fase desberdinak azaldu ditu eta bertaratutakoei erakusketan zehar bisita gidatu bat eskaini die. “Hesiak ezereza islatzen du, muga mentala bihurtzen den muga fisikoa, inorena ez den lurra segurtasun espazio gisa mozorrotuta”.

 

Ekitaldia Legebiltzarreko atarian izan da eta bertan izan dira, Maiorga Ramírez, Lehen idazkaria, Maribel García Malo, Bigarren idazkaria, Mónica Domenech (UPN), Virginia Alemán, Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde, Miren Aranoa (EH Bildu), Inma Jurío, Ainhoa Unzu (PSN), Mikel Buil eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai).

 

100 metro karratuko eremu hesitu batek, selfie formatuko mugikor batek, informazio panel batek eta mugikorrak, panelak, pantailak, tabletak eta aurikularrak instalatuta dituzten hiru espaziok osatzen dute erakusketa. Parlamentuaren atarian ikusgai egongo da azaroaren 23ra arte, astelehenetik ostiralera 10etatik 20etara eta larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.

 

Ohikoa denez, erakusketa hau Kultur Atrio ekimenaren barnean kokatzen da, izan ere, ekimen honen baitan 2016ko otsailetik Parlamentuak artistei eta kulturari ateak irekitzen dizkie.

 

Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea (CEAR) gobernuz kanpoko erakunde bat da, 1979an sortua, justizia, elkartasuna, askatasuna eta berdintasun baloreetan oinarritua eta ekintza voluntario, humanitario independente eta anitzera bideratua. Printzipio hauen defentsan oinarrituta daude bere ekintza guztiak, eta oinarrizko helburuen artean daude asilo eskubidearen babes eta defentsa eta errefuxiatu eta migratzaileen eskubideak.