Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 1

Nafarroako Parlamentuak dei egiten du hitz eta adeitasun parlamentarioa gailendu daitezen eztabaida politikoetan, ezen ez azken asteotan esparru nazionalean ikusi izan diren deskalifikazioa eta indarkeria

Legebiltzarrak "aitortu eta eskertu" nahi du hezkuntza-etapa guzti-guztietako irakasleek alarma egoera indarrean egon den bitartean egin duten lana, baita Parlamentuko langileena ere

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak dei egiten du hitz eta adeitasun parlamentarioa gailendu daitezen eztabaida politikoetan, ezen ez azken asteotan esparru nazionalean ikusi izan diren deskalifikazioa eta indarkeria. Adierazpena Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta Navarra Sumak, berriz, aurkakoa.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak dei egiten du hitz eta adeitasun parlamentarioa gailendu daitezen eztabaida politikoetan, ezen ez azken asteotan esparru nazionalean ikusi izan diren deskalifikazioa eta indarkeria.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du gure erkidegoko ikuskera politiko ezberdinen aniztasuna aldezten duela, nondik begiratzen den ere aberasgarriak direla uste baitu.

 

3. Nafarroako Parlamentuak uste du identitate politiko ezberdinen kriminalizaziorako deiak egiazko arrisku bat direla nazio, autonomia nahiz udal mailako bizikidetza baketsurako, eta, hortaz, eztabaida politikotik baztertu beharko liratekeela”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak, nafar herritarren ordezkari legitimoa den aldetik, espresuki aitortu eta eskertu nahi baitu hezkuntza-etapa guzti-guztietako irakasleek alarma egoera indarrean egon den bitartean egin duten irakaslana. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak, nafar herritarren ordezkari legitimoa den aldetik, espresuki aitortu eta eskertu nahi du hezkuntza-etapa guzti-guztietako irakasleek alarma egoera indarrean egon den bitartean gure foru erkidegoko ikastetxe guztiak nahitaez itxi izanak eragindako ondorioak minimizatze aldera egin duten irakaslana.

 

2.- Halaber, Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egin nahi du irakasmolde-aldaketara egokitze aldera hezkuntza-etapa guztietako irakasle guztiek egunotan erakutsitako ahalmena, bai eta haien erabateko dedikazio eta ahalegina ere, ez zedin haien ikasle bakar bat ere kaltetuta atera.

 

3.- Nafarroako Parlamentua guztiz konbentzituta dago irakasleen irakaslana izanen dela gure gizartea prestakuntza-, ekoizpen- nahiz harreman sozialeko eredu berrietara egokitzeko funtsezko gakoetako bat; izan ere, funtsezkoak izan dira pandemian zehar, eta etorkizunean erabilgarriak izanen dira zalantzarik gabe aurrean daukagun hezkuntza-agertoki berrian”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak eskertu eta aitortu egin nahi baititu Nafarroako Parlamentuko langileen lana eta dedikazioa, COVID-19ak eragindako pandemiaren alarma egoeran Legebiltzarrak behar bezala funtzionatzea ahalbidetu baitute, Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak eskertu eta aitortu egin nahi ditu Nafarroako Parlamentuko langileen lana eta dedikazioa, COVID-19ak eragindako pandemiaren alarma egoeran Legebiltzarrak behar bezala funtzionatzea ahalbidetu baitute”.