Nafarroako Parlamentuak Diabetesaren Mundu Egunari atxikitzeko ekitaldi instituzionala egin du ANADIrekin batera
Unai Hualdek azpimarratu du Parlamentuak konpromisoa duela zerbitzu publikoak indartzeko, eta babestu du ikerketa eta heziketa diabetologikoa sustatu daitezela profesionalen eta pazienteen artean
Nafarroako Parlamentuak Diabetesaren Mundu Egunari atxikitzeko ekitaldi bat izan du gaur Nafarroako Diabetes Elkartearekin (ANADI) batera. Begira dezagun gluzemiaz harago lelopean antolatu da “prebenitzeko, prestatzeko, hezteko eta ikertzeko”, gaixotasun “ikusezin” hori “sendatu ahal izateko” xedez, eta helburu nagusia izanik hori bera ikusaraztea.
Hori bera baietsi du Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, adierazi baitu Parlamentuak babesa emanen diela pertsonen “bizi kalitatea hobetzeko” ekimenak sustatzea xedetzat duten neurri guztiei. “Diabetesa eta antzeko patologiak desagerrarazteko ikertzea ez da gastua, inbertsioa baizik. Mundu osoan diabeteserako arreta egin dadila aldarrikatzen jarraitu behar dugu. 1. motako diabetesa (intsulina-mendekoa) emakume bati sendatu izanak esperantza ematen du, baina burutsuak izan behar dugu”, adierazi duenez,
Hori horrela, eta ANADIk “askotariko erakundeen eta elkargo profesionalen” eskutik gauzatzen duen kolektiborako arreta ezin hobea gogoan izanda “kontzientziatzeko eta normalizazio sozialerako” egiten duen lanaren harira, Unai Hualdek gogorarazi duenez, Aurrekontuen Lege-proiektua Parlamentuan dagoenez, “une garrantzitsua da herritarren eskariei entzuteko. Osasun sistema oso ona dugu, baina horrek ezin du eragozpena izan onartzeko hobetzen jarraitu behar dugula, eta hori da legegintzaldi honetako helburu nagusietako bat. Parlamentu honek zerbitzu publikoak indartzen jarraitzearen alde egiten du lan” esan duenez.
Horren harira, hauxe nabarmendu du Unai Hualdek: “(2023ko urtarriletik) pixkanaka finantzatu dira 2. motako diabetesa duten paziente intsulina-mendekoei etengabeko monitorizazioa egiteko gailuak, egunean gluzemiaren sei kontrol behar baitituzte gutxienez. 1.419 pazientek daramate sentsore hori 2024an, hau da, 2023an baino % 67 gehiago. Ongi frogatzen du Gobernuak herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzen duen orori ematen dion garrantzia”.
Amaitzeko, lehendakariak eskerrak eman ditu “ANADI osatzen duten guztien” ahaleginagatik, eta balioa eman die ikerketa zientifikoari eta horretan inbertitzen jarraitzearen garrantziari, Eledunen Batzarrak eta Mahaiak azaroaren 4an onetsi zuten adierazpen instituzionalean azpimarratzen denarekin bat.
Jarraian, Juantxo Remónek, ANADIren presidenteak, errepasoa egin dio diabetesak Nafarroan duen egoerari, “40.466 kasu diagnostikatu baitaude (herritarren % 6,5), eta horietatik 2.400 intsulina-mendekoak dira (1. mota). Gainontzeko kasuak alderdi genetikoei, adinari, obesitateari eta bizi estiloari lotzen zaizkie (2. mota). Horrez gainera, 10.000 inguru diagnostikatu gabe daude”, zehaztu duenez.
Gauzak horrela, Remónek errepikatu du “detekzio goiztiarra garrantzitsua dela, bizitza aldatzea eragiten duen gaixotasun bat baitugu esku artean, are gehiago gaztetan, bizitza sozialean, eskolakoan eta familiakoan baitu eragina, eta hurbilekoengan ere bai. Diabetesarekin bizitzen ikasteak berekin dakar gluzemiaz harago begiratzea. Nork bere burua zaintzea eskatzen du, eta elikaduraren, ariketa fisikoaren eta tratamendu farmakologikoaren mende dago hori; hezkuntzan edota osasun arretan baliabide espezifikoak egonez gero, triangelu horrek hobera eginen luke”, esan duenaren arabera.
Amaitzeko, ANADIko presidenteak eskatu du erizain profesionalaren figura sartu dezatela hezkuntza zentroetan, Oinarrizko Osasun Laguntzako erizainen rola indartu dezatela eta 2. motako diabeteserako ekintza plana egin dezatela, bai eta 1. motako diabetesa duten helduentzako Diabetesaren Diziplina Anitzeko Unitatea sortzeko ere, “azken 15 edo 20 urtetan eskatu baitugu”.
Diabetesaren Mundu eguna dela-eta, Nafarroako Parlamentuak fatxada urdinez argiztatuko du gaur (20:00-22:00).
Ekitaldiari amaiera bateko taldeko argazki bat egin dute, bai eta gluzemiaren borondatezko proba ere, eta honako hauek izan dira bertan:
Lehenengo lehendakariorde Ainhoa Unzu, bigarren lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin, lehenengo idazkari Yolanda Ibáñez, bigarren idazkari Mikel Zabaleta eta horrez gain, eledunen artean, Javier Esparza (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Javier García (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox). Osasuneko kontseilari Fernando Domínguez ere izan da bertan.
Nafarroako Diabetes Elkartea (ANADI) 1983an sortu zen, eta gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea du helburu, bai laguntza mediko egokiaren bidez, bai diabetesari buruzko heziketa zuzenaren bidez. Hori guztia haien gizarteratze osoa lortzea xede duen prozesu baten barnean kokatzen da.
Diabetesaren Mundu Eguna Diabetesaren Nazioarteko Federazioak (FID) eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezarri zuten 1991n, munduko diabetes kasuen gorakada kezkagarriari erantzuteko. 2007an, Nazio Batuek lehenengo aldiz aldarrikatu zuten egun hori, 2006ko abenduan Diabetesaren Mundu Egunaren ebazpena onetsi ondoren. Horren ondorioz, Diabetesaren Mundu Eguna NBEren osasunaren oroitzapen ekitaldi ofizial bihurtu zen.
Diabetesaren Mundu Eguna aldarrikatzeko aukeratutako eguna Kanadako Frederick Banting medikuari omenaldia da, oso zeregin garrantzitsua izan baitzuen intsulina deskubritzen. 1891ko azaroaren 14an hil zen.