Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Ekainak 10

Nafarroako Parlamentuak 'Dibertsitateak" erakusketa inauguratu du, jatorriz 17 herrialde baino gehiagotakoak diren artista Nafarroaratuen lanak biltzen dituena

Ikusgai hau ekainaren 23ra arte egonen da jendaurrean, eta 25 artistaren langintzaren berri ematen du, 40 obra baino gehiagorekin

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur Dibertsitateak erakusketa inauguratu du. Atzerritar jatorriko artisten kolektiboak sustaturiko jendaurreko saio honek aurkezten du 17 herrialdetakoak izan eta Foru Komunitatean bizi diren 25 artistak eginiko obra-multzo bat.

 

Legebiltzarreko lehendakariak erakusketa ezaugarritu du "pluraltasun, dibertsitate, kolore, arraza eta ideologiaren" adibide gisa, "nafar gizartea bera eta gure Parlamentua diren bezalakoak: pluralak eta irekiak".

 

"Nafarroa abegi-lurra da, bai; aldeztu egiten ditugu gure historia, gure tradizioak, gure autogobernua, gure berezitasuna; baina munduari irekita dagoen herria gara", adierazi du, bai eta nabarmendu ere "gure erkidegoan kulturak daukan sasoi ona, Nafarroan egiten eta ikusten den arteak daukana".

 

Ondoren, Juan Manuel Fernández Cuichánek, Nafarroan bizi diren artisten bigarren edizioaren ordezkariak, Legebiltzarrari eskerrak eman dizkio, "hiru artista-belaunaldik eginiko 40 artelan baino gehiagok osaturiko" erakusketari abaro emateko prestasunagatik.

 

"Pertsona sentiberak gara, ametsak eta itxaropenak ditugu, lur hau geure sentitzen dugu; eta berari ekarpena egiten diogu, dirutan ez ezik, baita artistikotasunean eta gizarte-arloan ere", baieztatu du.

 

Inaugurazio-ekitaldia amaitu ondoren, parlamentariek bisita gidatua egin dute, erakusketan parte hartzen duten artisten eskutik.

 

Erakusketan partaide jardun da Nafarroako Iberoamerikar Zirkulua, eta Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren laguntza jaso du, zeinak Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren ardurapean baitihardu.

 

Erakusketa Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, ekainaren 23ra arte, 9:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik, itxita egonen baita Osoko Bilkuren kariaz. Larunbatetan, 11:30etik 14:00etara ikusi ahalko da.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen askotarikoei bere ateak ireki eta sostengua ematen baitie.

 

Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste, Ainhoa Unzu lehen lehendakariordea, Yolanda Ibáñez lehen idazkaria eta Adolfo Araiz bigarren idazkaria, bai eta talde parlamentarioen ordezkariak ere: Javier Trigo (UPN), Ibai Crespo (PSN), Oihan Mendo (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai) eta Daniel López (Zurekin).