Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 2

Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela memoriaren alorreko politika publikoak jorratzen jarraitzea

Indarkeria guztiak deslegitimatzeko konpromisoa areagotzeko deia egiten da, eskuin muturraren eskakizunek eragindako inboluzio antidemokratikoaz ohartaraziz

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren eta Voxen aurkakoekin, zeinaren bidez Ganberak baitio “beharrezkoa dela 2015etik aitzina baliatzen ari diren memoriaren alorreko politika publikoak jorratzen jarraitzea”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Estatuko Gobernuari eskatzen dio “indartu dezan biktima guztien aitortza, erreparazio eta memoriarako politiken sustapena”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Parlamentuak agertzen du “errefusatu egiten duela gai horretan atzerapausoak ematea, kasurako, Memoria Demokratikoaren Legeak indargabetzea”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak adierazten du Nafarroan, "Nazioarteko Zuzenbidearekin bat etorriz", poliziaren eta Estatuaren indarkeriaren 12 biktima aitortu izana “aitzindaria” dela, eta eragiteko ahalmena duen autonomia-erkidegoetan "eskuin muturrak sustatutako inboluzio antidemokratikoari" buruz ohartarazten da.

 

Gauzak horrela, "memoria historikoarekiko konpromisoa areagotu dadin” eskatzen da, "erakundeen anbiziotik indarkeria guztiak deslegitimatzen eta biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea ziurtatzen laguntzeko".

 

 

Mozioa (61. NPAO, 2024-04-30ekoa)