Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Ekainak 12

Nafarroako Parlamentuak dio Sahara Mendebaldea nazioarteko zuzenbidearen mende dagoen lurralde autonomo bat dela, sekula ere ez dena Marokoko Erresumaren parte izan

Legebiltzarrak okupazio ilegala amai dadin exijitzen du, eta NBE premiatzen du Saharako herriaren autodeterminazio askerako eskubidea susta dezan, erreferendum baten bidez

Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak erabaki bat onetsi du gaur –UPNk, EH Bilduk, Geroa Baik, PPNk eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroak alde bozkatu dute, eta PSN abstenitu egin da–, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu Sahara Mendebaldea nazioarteko zuzenbidearen mende dagoen lurralde autonomo bat dela, sekula ere ez dena Marokoko Erresumaren parte izan, eta haren okupazio ilegala amai dadin eta Saharako herriak autodeterminazio eskubidea balia dezan exijitzen baitu.

 

Onetsi den erabakiaren bigarren puntuan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio "erreferentziazkotzat jotzen jarrai dezan Auzitegi Nazionalaren autoa, zeinaren bidez Espainia de iure Sahara Mendebaldearen ‘potentzia administratiboa’" dela adierazten baitu.

 

Hirugarren puntuan, Nafarroako Parlamentuak Marokoko Erresumari exijitzen dio saharar preso politiko eta kontzientziakoak berehala aska ditzan, eta giza eskubideen urraketak amai daitezen berak kontrolatzen dituen espetxeetan, presoen osotasun fisiko eta psikikoa bermatuz, eta elkartasuna helarazten die horien familiei.

 

Nafarroako Parlamentuak orobat helarazten die bere estimua eta elkartasuna Gdim lzik-eko presoei, beren kondenak prozesu ilegal eta bermerik gabeko batean jaso baitzituzten, eta berehala aska ditzaten exijitzen dut, eta familiekin bat egiten dugu justiziaren eta askatasunaren alde daramaten borrokan".

 

Halaber, Nafarroako Parlamentuak "berriro salatzen du Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharan natur baliabideen espoliazioa egitea, epaiak epai, eta zonaldean ari diren enpresei exijitzen diegu nazioarteko zuzenbidea eta saharar populazioaren eskubideak errespeta ditzatela. Interesdunak premiatzen ditu (enpresak eta herrialdeak) negoziazioak abiaraz ditzaten Saharako Herriaren ordezkari legitimoekin (Fronte Polisarioa)".

 

Hori dela-eta, Nafarroako Parlamentuak dio ezen, "Mendebaldeko Saharak bizi duen egoera larria ikusita, MINURSOk Mendebaldeko Saharan dauzkan funtzioak eta egitekoak areagotu behar dituela. Hortaz, Nazio Batuak premiatzen ditugu Misioari ahalmena eman diezaion sahararren giza eskubideak zaintzeko eta babesteko lurralde okupatuetan".

 

Gauzak horrela, Nafarroako Parlamentuak "Europar Batasunari exijitzen dio Marokoko Erresumarekiko Lehentasunezko Akordioan ezarritako giza eskubideei buruzko klausula baliaraz dezan".

 

Eta, halaber, "Nafarroako Parlamentuak indartu egin nahi du Emakume Sahararren Batasun Nazionalarekiko lankidetza, funtsezko eginkizuna baitaukate, erabakigarria, errefuxiatuen kanpalekuetan. Halaber, giza eskubideen urraketaren biktimen ikusezintasun-egoeraz ohartarazi nahi du. Bereziki, lurralde okupatuetan desagertutako emakumeez".

 

Nafarroako Parlamentuak, gainera, "Espainiako Estatuko erakunde publikoak premiatzen ditu laguntza solidario eta humanitarioa areagotzen jarrai dezaten, hala Tindufeko kanpalekuetako errefuxiatuei nola lurralde okupatuetako sahararrei.

 

Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari gaztigatzen dio jarrera irmo eta esplizitua hartu beharra duela Marokoko Erresumako Gobernuak behin eta berriro egindako saiakeren aitzinean, zeinen bidez Kanarietako uretaraino hedatu nahi baitu bere eskumen-esparrua, eskualdean arazo gehiago eta egonkortasun eza ekar ditzakeen interes espantsionista argia erakutsiz".

 

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak "Nazio Batuak premiatzen ditu luzamendutan ibili gabe susta dezaten konponbide justu eta behin betikoa Mendebaldeko Sahararen gatazkari dagokionez; hau da, Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea praktikan jartzea erreferendum bat eginez. Eta NBEren Genevako Giza Eskubideen Kontseilua premiatzen du giza eskubideen errelatore bat izenda dezan Mendebaldeko Sahararako".

 

Hartara, "Nafarroako Parlamentuak premiatzen du aurrerabidea egitera Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkaritzari estatus diplomatikoa emateari dagokionez, Saharako herriaren ordezkari bakarra eta legitimoa del aldetik, NBEk onartzen duen legez. Eta aurrerabidea egitera Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren aldarrikapenean".

 

Aldi berean, "Nafarroako Parlamentuak hedabideak premiatzen ditu gizarteak ematen dion garrantzi bera eman diezaioten Mendebaldeko Saharako gatazkari. Eta Saharako herriaren kausarekiko pertsona solidarioei dei egiten diegu Sahara Mendebaldearen egoeraren berri eman dezaten eta sala dezaten sare sozialen bitartez".

 

Ildo horretan, "Nafarroako Parlamentuak arlo unibertsitario, judizial eta politiko-administratiboak premiatzen ditu, lanean jarrai dezaten argitze aldera Sahara Mendebaldean gertatzen diren giza-eskubideen aurkako jarduketak".

 

Gizatasunaz denaz bezainbatean, "Nafarroako Parlamentuak bereziki premiatzen du Cervantes Institutua lotura kulturalak eta gaztelaniaren hedapena indartu ditzan, Sahara Mendebaldeko bigarren hizkuntza baita, errefuxiatuen kanpalekuetan presentzia edukiz".

 

Bestalde, "Nafarroako Parlamentuak esker ona adierazten die Saharako herriarekiko adiskidetasunak elkartuta egunero-egunero lan egiten duten elkarteei, federazioei nahiz talde solidario eta sozialei, herrialde anaia etorkizunean aske izateko helburu hutsez. Halatan, goresgarria iruditzen zaigu Juristen Nazioarteko Elkartearen lana".

 

Ildo berean, "Nafarroako Parlamentuak haurrei harrera egiteko "Oporrak bakean" programaren garrantzi handia balioesten du, Saharako eta Nafarroako familien arteko maitasun- eta hurbiltasun-harremanaren eta elkartasunaren erakusgarririk behinena baita".

 

Azkenik, "Sahara Mendebaldeari dagokionez izan duen jarrera tradizionalera itzul dadin exijitzen dio Espainiako Gobernuari, Nazio Batuen ebazpenekin bat; izan ere, Espainiako gobernuko lehendakariak, Marokoko Erregeari 2022ko martxoan igorritako gutunaren bidez, jarrera hori aldebakartasunez aldatu zuen, zuzenbide osoko estatu demokratiko orok bete beharreko parte-hartze prozedurak bete gabe aldatu ere".  Azken epigrafe hori UPNren gehitzeko zuzenketa baten ondorio da, zeina ekimena aurkeztu zutenek (UPN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin) onartu baitute, eta PSNren aurkako botoa gorabehera onetsi baita.

 

Zioen azalpenean, UPNk, EH Bilduk, Geroa Baik, PPNk eta Contigo-Zurekinek bultzatutako adierazpenak dio "Nafarroako Parlamentuak Saharako herriari emandako babesa berritu beharra" dagoela" Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren aldarrikapenaren 48. urteurrenean, argi utzita " Fronte Polisarioa dela Saharako herriaren ordezkari bakar eta legitimoa, NBEk eta nazioarteko erkidegoak onartzen duten legez", baita Marokoren okupazioaren izaera "ilegalari" dagokionez ere, zeinak, hortaz, ez baitauka "ondorio politiko eta juridikorik".

 

Proposatzaileek gogora ekarri dituzte urtarrilaren 13an Gasteizko Legebiltzarr¡an egin zen Bakea eta Askatasuna Sahara Mendebaldean taldeartekoen XXVII. Konferentzian hartutako erabakiak, bai eta foru legebiltzarraren ordezkaritza batek maiatzaren 4tik 11ra bitarte errefuxiatu sahararren Tindoufeko kanpalekuetara egindako bisita ere.

 

Carlos Mena (PSN) buru izan duen bilkuran honako hauek parte hartu dute: Pedro González, Javier Esparza, Ana Elizalde, Marta Álvarez (UPN), Ibai Crespo, Maite Esporrín (PSN), Txomin González, Xebe Txoperena (EH Bildu), Isabel Aranburu, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Irene Royo (PPN), eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin). Vox ez da bilkurara joan.

 

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (84. NPAO, 2024-06-07koa)