Nafarroako Parlamentuak Diputatuen Kongresua premiatzen du Konstituzioaren 135. artikulua erreformatzera
Orobat, dei egiten zaio indargabetu dezan Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa, autonomia-erkidegoen inbertsio-autonomia errespetatze aldera
Lehendakaritza eta Berdintasuneko Batzordeak erabaki bat onetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioen aldeko botokoekin eta UPN, PPN eta Voxen aurkako botoekin. Horren bidez, “Diputatuen Kongresua premiatzen da Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua alda dezan 2011ko irailaren 7ko erreforma zuzentzeko eta zorraren nahiz horren interesen ordainketari dagokionez berriro izan daitezen goi balioak askatasuna, justizia, berdintasuna eta aniztasun politikoa, zeinek Espainiako estatuaren zuzenbidearen izaera sozial eta demokratikoa osatzen baitute”.
Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat du; horren bidez, “Nafarroako Parlamentuak Diputatuen Kongresua premiatzen du Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoa indargabetu dezan, autonomia-erkidegoen eta toki-entitateen finantza-autonomia eta gure foru-erkidegoaren autogobernua errespetatuz eta administrazio publikoei politika publikoak bultzatzeko ahalmena mugatzen dien gastu-araua kenduz ordenamendu juridikotik”.
Contigo-Zurekin talde parlamentarioak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean azaltzen da Lege Nagusiaren 135. artikulua aldatu zuen konstituzio-erreformak izen ona ematen ziola aurrekontu-egonkortasuneko filosofia liberal bati, zeinak, ekonomia pribaturako finantza-kontrola desarautzen duen bitartean, ahaleginak egiten dituen, administrazio publikoen zerga- eta finantza-politikak arautzeaz harago, baita horietarako mugak konstituzionaltzeko ere.
Ainhoa Unzu (PSN TP) izan da batzordeburu, eta bertan izan dira, orobat, honako hauek: Marta Álvarez, Isabel Olave, Ángel Ansa (UPN TP), Ainhoa Unzu, Ibai Crespo, Kevin Lucero (PSN TP), Adolfo Araiz, Eneka Maiz (EH Bildu TP), Mikel Asiain, Blanca Regúlez (Geroa Bai TP), Maribel García Malo (PPN TP), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin TP) eta Emilio Jiménez (Vox FPE).
- nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (16. NPAO, 2025-02-14koa)