Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Azaroak 12

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du ANADIrekin batera, Diabetesaren Mundu Eguna dela-eta

Unai Hualdek medikamentuetarako irispide osoa erreklamatu du, eta ikerkuntza zientifikoan inbertitzen jarraitzeko beharra nabarmendu du

Nafarroako Parlamentuak Diabetesaren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat egiteko ekitaldi instituzional bat egin du gaur, ANADI-Diabetesaren Nafarroako Elkartearekin batera. Diabetesaren Mundu Eguna heldu den urriren 14an eginen da, ‘Orain ez bada, noiz? goiburupean, eta xede izanen du diabetesa ikusaraztea eta herritar guztiek zaintza nahiz prestakuntzarako irispidea izatearen alde lan egitearen garrantzia azpimarratzea.

 

Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek ere hori bera nabarmendu du, ANADIk foru erkidegoan egiten duen lana goraipatu bidenabar. Izan ere, eragile soziosanitarioekin elkarlanean aritzen da, “diabetesa duten pertsonen bizi-kalitateari babes handiagoa emateko”, eta erakunde publikoekin ere aritzen da, “arreta soziosanitarioa hobetzeko eta prestakuntza nahiz hezkuntza diabetologikoa exigitzeko”.

 

Hualdek adierazi duenez, “pandemiak argi eta garbi utzi digu erabat garrantzitsua dela osasun-sistema on bat edukitzea mundu osoan; hortaz, goraipatzekoa da diabetesaren elkarteek indarrak batu ditzaten Estatuan, diabetesarekin bizi diren pertsonei aplikatzen zaizkien teknologia berriak eta medikamentuak munduko herrialde guztietara irits daitezen”.

 

Lehendakariak gogorarazi duenez, “diabetesa duten milioika pertsonak ez dute, gaur egun, beren patologiaren arreta ekitatiboa eskuratzerik, baina etengabeko laguntza eta arreta behar dute konplikazioak saihesteko”. Hori dela-eta, Hualdek bat egin du Diabetesaren Espainiako Federazioaren erreibindikazioarekin, “diabetesa duten pertsonek bizimodua erraztuko dieten botikak eta teknologiak eskuratu ahal izatea” erreklamatzen duenean.

 

Bukatzeko, Hualdek balioan jarri ditu ikerketa zientifikoa eta horretan inbertitzen jarraitzeko premia, eta Mahaiak eta Eledunen Batzarrak azaroaren 8an onetsitako adierazpen instituzionala ekarri du gogora.

 

Jarraian, Osasuneko kontseilari Santos Induráinek balioan jarri du “diabetesa duten gaixoen bizi-kalitatea hobetze aldera Diabetesaren Nafarroako Elkarteak egiten duen lana, haiei prestakuntza emanez eta hobekuntzak lortzeko lan eginez eta zenbait forotan eta ordezkaritza-organotan parte hartuz; esaterako, Diabetesaren arloan Nafarroan Aholku emateko Batzordean.

 

Elkartearen erreibindikazioa dela-eta, Indurainek adierazi du hurrengo hilabeteotan gluzemiako monitorizazio jarraituko sistema iritsiko dela 2 motako dosi anizkoitzeko intsulina-tratamenduan dauden gaixoengana, et horrek areagotu eginen duela gaixo horien kasuan kontrol gluzemikoaren arloko helburuak lortzeko aukerak.  Hartara, gaineratu du, “profesionalen prestakuntza abiarazteko lanean ari gara”.

 

Bukatzeko, Indurainek nabarmendu du zenbaterainoko garrantzia duten, diabetesaren prebentziorako, elikadurak eta ariketa fisikoak: “diabetesa gaixotasun sozialtzat hartzen da, ez duen maiztasun handiagatik, ezpada gaixotasuna duten pertsonen familientzat eta are administrazio publikoentzat ere dakarren kostu ekonomikoagatik. Osasun arloko profesionalen eginkizuna azpimarratu nahi dut, funtsezkoa baita, batez ere erizaintzako langileek egiten dutena, bai ospitaleetan bai oinarrizko osasun laguntzan”.

 

Ondoren, ANADI elkarteko lehendakari Juantxo Remónek dei egin du “prebentzioaren, detekzioaren eta, batez ere, arreta integral eta eragingarriaren arloan ahaleginak batzera”; izan ere, Nafarroan 50.000 pertsonak bide dute gaixotasun hori, eta horietarik 37.000 baino ez daude diagnostikatuta. Hortaz, azpimarratu egin behar da gaixorik dauden 3 pertsonatik 1ek ez dakiela diabetesa duela, eta arazo hori pandemian areagotu egin denez, konponbidean egotetik urrun dago”.

 

Elkarteak, bada, helduendako Diabetesaren Diziplina anitzeko Unitate Funtzionala abian jar dadin erreibindikatzen du, “horrek ahalbidetuko bailuke laguntza integrala ematea gaixoei, itxarote-zerrendak murriztea espezialitateen kasuan eta gaixotasunari lotutako konplikazioak prebenitzea”.

 

ANADIk orobat eskatzen du erizaintzako profesionalaren figura sartzea ikastetxeetan, diabetesa duten adingabeek bermatua izan dezaten eskola-esparruan bere osasuna zaintzen dela, eta bidenabar exigitu du “hezkuntza diabetologiko jarraitua eta sistematizatua ematea diabetesa duten pertsonei, gaixotasunaren kontrol hobea eramateko”.

 

Diabetesaren Mundu Egunaren karietara, Nafarroako Parlamentuak urdinez argiztatuko du bere egoitzaren fatxada igandean (19:30etik 24:00etara).

 

Ekitaldia talde-argazki bat eginez bukatu da, non ANADiren ordezkariak, Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak, Osasun Batzordeko kideak nahiz talde parlamentario guztietako parlamentariak agertzen baitira.

 

Diabetesaren Nafarroako Elkartea (ANADI) 1983an sortu zen, gaixotasun hori duten pertsonen bizi-kalitatea osasun-laguntza egoki baten bidez nahiz hezkuntza diabetologiko egoki baten bidez hobetzeko xedez, gaixo horien erabateko gizarteratzea lortzera bideratutako prozesu baten baitan.