Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Urriak 8

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du Dislexiaren Mundu Egunari atxikitzeko

Unai Hualdek gizarteratze-printzipioa betetzearen alde egin du, “Legebiltzarrak aukera-berdintasunarekin eta justizia sozialarekin duen konpromiso irmoa” gauzatze aldera

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzionala egin du gaur Dislexiaren Mundu Egunari atxikitzeko, zeina antolatu baita jatorri neurobiologikoko gaixotasun hori dutenen gaitasun intelektualari buruz sentsibilizatzeko eta gaitasun hori ikusarazteko eta aldarrikatzeko. Bada, Parlamentuko talde guztiek bat egin dute ekimenarekin, munduko biztanleriaren % 10-15i eragiten dion ikaskuntzaren nahaste espezifiko horren lanketa sendotu dadila aldarrikatzeko.

 

Hala berretsi du Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, zeinak zalantzarik gabe nabarmendu baitu foru-legebiltzarrak “konpromiso irmoa” duela “aukera-berdintasunarekin eta justizia sozialarekin. Horregatik da hain garrantzitsua tresna eta baliabide egokiak eskura jartzea, dislexia duten pertsonek ahalik eta potentzial handiena lor dezaten eta gizartearen esparru guztietan bete-betean parte har dezaten”.

 

Xede horrekin, eta “dislexia duten haurren hezkuntzarako eskubidea bermatze” aldera, eta, horrela, prestakuntzaren eremuan “inklusio-printzipioa bete” dadin, lehendakariak “elkarte-sareak proposatzen dituen hobekuntzak entzuten eta aplikatzen” jarraitzearen alde egin du, eta, kasu honetan, Disnavarra elkartea da horren ordezkari.

 

Hori horrela, Nafarroako Dislexia Elkartea zoriondu du, eta azpimarratu du lan garrantzitsua egiten ari dela, erreferentziazko entitatea den heinean, zailtasun hori duten familientzako aholkularitzaren eta laguntzaren alorrean. Horren ostean, lehendakariak Eledunen Batzarrak astelehen honetan onetsitako Adierazpen Instituzionala aipatu du; horren bidez, Parlamentuak berriz ere adierazi du dislexia duten pertsonek “maila akademikoan, pertsonalean eta profesionalean” topatzen dituzten oztopoak ezabatzeko behar diren bitartekoak jartzeko prest dagoela.

 

Horren ondoren, Raquel Ramallok, Disnavarra - Dislexiaren Nafarroako Elkarteko kidea denak, aldarrikatu du neurri egokiak hartu behar direla, “irakasleak prestatzeko eta beharrezko baliabideak jartzeko haien eskura, eskola inklusiboa eta bidezkoa izan dadin. Aukera-berdintasuna da gakoa; prestakuntza eskuratzeko egokitzapenak ez dira abantaila bat. Horrek aldatu egin behar du; eskola-porrota eta eskola-uztea murriztea epe motzeko eta epe luzeko inbertsioa da. Bihur ditzagun ikasleak eskolaren ardatz”.

 

Gauzak horrela, irakurketa- eta idazketa-nahasmendua duten adingabeentzat “desgaitzailea eta diskriminatzailea den ingurune” hori konpontzera bideratutako “konpentsazio-neurriak” hartzera premiatu ondoren, Mª Carmen Solanillak (Disnavarra) bekak ematean edo lan publikoa eskuratzean baliatzen diren irizpideetara ere zabaldu du planteamendu hori. “Eskertzen dugu guri entzutea, baina ez da nahikoa; egin ere egin behar da. Zuek guztiak zeregin horretan inplikatuko zaretela espero dugu. Mila esker”.

 

Nafarroako Parlamentuak urdin turkesaz argiztatuko du gaur gauean fatxada (20:00-22:00) Dislexiaren Munduko Egunari atxikitzen zaiola adierazteko.

 

Dislexia ikaskuntzaren nahaste bat da: irakurtzeko zailtasuna eragiten du hizketaren soinuak identifikatzeko eta horiek letrekin eta hitzekin erlazionatzen ikasteko (deskodetzea) zailtasunaren ondorioz. Hezkuntza-ikuspegi eta -teknika espezifikoak erabiltzen dira hori tratatzeko, eta horiek gero eta eraginkorragoak dira esku-hartzea zenbat eta lehenago hasi, eta, ahal dela, banakako programa didaktiko baten bidez gauzatu behar dira.

 

Taldeko argazki batekin amaitu da ekitaldia, eta bertan izan dira, lehen aipatutakoez gainera, bigarren idazkari Mikel Zabaleta, Leticia San Martín (UPN TP), Maite Esporrín (PSN TP), Oihan Mendo (EH Bildu TP), María Solana (Geroa Bai TP), Irene Royo (PPN TP), Daniel López (Contigo-Zurekin TP) eta Emilio Jiménez (Vox FPE), bai eta Patxi Vera Arartekoa ere.