Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du Haurtzaroaren Mundu Egunari atxikitzeko
Unai Hualdek Parlamentuaren “konpromisoa”azpimarratu du, eta ohartarazi du aurrerapausoak eman badira ere “pobrezia, bazterketa eta desberdinkeria dagoen bitartean burutzeko lana geratuko dela”
Nafarroako Parlamentuak, UNICEFekin batera, ekitaldi instituzional bat egin du Haurtzaroaren Mundu Egunari atxikitzeko. Halatan, Nazio Batuen Biltzar Nagusiak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa onetsi izanaren 33. urteurrenaren karietara, Legebiltzarrak bere konpromisoa berresten du, mundu osoko haurren ongizatea aldeztekoa.
Horixe adierazi du Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, UNICEFek lorpen handiak betetzerakoan egin duen ekarpena aitortuz, baina ahaztu gabe oraindik egiteke dauden alderdiak ditugula, haurren bizi-kalitateari zuzenean eragiten diotenak.
“Pobrezia, bazterketa eta desberdinkeria dagoen bitartean burutzeko lana geratuko da. Pandemiak, krisiak eta gerrak ezbaian jarri dute, are gehiago, haurren ongizatea, biziraupen eta garapenerako dituzten aukerak. Hor ditugu, besteak beste, osasun mentala, pobrezia, indarkeria, eskola-jazarpena, bortxaz lekualdatuak edo errefuxiatu-guneak. Alderdi horiek guztiak erakundeen ardura eta kezka dira”.
Esparru horretan, Nafarroako Parlamentuak Konbentzioaren printzipioak aldezteko eta sustatzeko duen konpromisoa azpimarratu ondoren, lehendakariak Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna aipatu du, behin Gizarte Entitateen Plataformarekin eguneratuta, gogora ekartzeko NUPek zorrotz aztertuko duela nola betetzen den, ebaluazioa egiteko ardura duen entitatea izanen baita.
“Askotan lortzen ditugun akordioak ez dira betetzen. Ez dugu nahi itun honekin hori gertatzea, haren betearazpena lotua baitago ere Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin eta Parisko Itunarekin. Pandemiak eragindako krisia aukera izan behar da haurren orainaldian eta etorkizunean inbertitzeko”
Amaitzeko,Hualdek hizpidera ekarri du adingabearen “interes gorena” eta, horren inguruan, gogorarazi du azaroaren 14an Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala . “Beti bezala, Nafarroako Unicefen prestutasuna eskertzen dugu”.
Jarraian, Nafarroako Unicefeko lehendakari Mikel Aguirrek ohartarazi du haurren eta nerabeen eskubideak bermatzea lan kolektiboa dela eta nahitaez bete beharrekoa.
Haur batek mugatuta aurkitzen duenean bere eskubideen gogobetetzea zuzeneko eragina jasaten du ongizate emozionalean. Horregatik, gizarte osoaren aldetik eginkizun funtsezko bat dugu haur guztiek gogobetetasun emozionala sentitzera bermatzerakoan”.
Xede horrekin, Aguirrek dei egin du “haurren eta nerabeen kezkak eta beharra entzutera eta horiek zeharkako moduan ikustera jardun politikoan, beraien parte-hartzea sustatuz, elkarrekin diseinatu ahal izateko krisialdi honetatik suspertuta ateratzeko estrategiak”.
Ondoren, Iruñeko Vázquez de Mella-Bayonne ikastetxe publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasle Omniak eta Juanek lan bat aurkeztu dute, zeinean, Unicefen proposamen didaktikotik abiatuta, ikasi duten haurren eskubideetan sakontzen ikuspegi emozionaletik eta enpatiatik abiatuta.
Ekitaldia Unicefen ordezkariei eta Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren kideei baterako argazkia eginez amaitu da, eta halaber bertaratu dira talde eta elkarte guztietako parlamentariak.
Musika-akonpainamendua Vázquez de Mella-Bayonneko 4. mailako bi ikasleren ardurapekoa izan da: Eva (biolina) eta Leonardo (biolontxeloa), Beethovenen “Pozaren Ereserkia” jo dutenak.
1946an fundatu zenetik, haurren eskubideen alde lan egiten duen erakunde nagusia dugu UNICEF, eta lan-ordezkaritzak ditu 190 herrialde eta lurraldetan. Espainian, berak dauka planetako txoko guztietan haur guztiekin konprometitutako nazioarteko erakundea den Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren ordezkaritza. Azken bateko helburua da Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotako eskubide guztien aldezpena.
Agindu horri jarraikiz, Nafarroako Batzordeak ekarpena egiten du, halaber, haur bakoitzak eskueran izan ditzan osasun eta hezkuntza zerbitzuak, ura eta saneamendu egokia, eta indarkeriatik eta esplotaziotik babestuta bizi dadin.